Eusko Jaurlaritzak kaleratu berri du koronabirusaren bilakaerari buruzko eguerdiroko txostena. Gaur, astelehena izaki, asteburuko herriz herriko datuak ere argitaratu ditu, gainera. Eta datuak baikorrak dira, aspaldiko onenak. Oriori dagokionez, ez da positiborik izan, eta 228,31ra egin du behera intzidentzia tasak. Eremu horian kokatu da herria. Aian, berriz, kasu bat detektatu dute, baina intzidentzia tasak behera egiten jarraitu du, 403,02raino jaitsiz.
Eskualde mailan, 37 positibo zenbatu dituzte denera, aurreko asteburuan baino 42 gutxiago. Positibo berrien kopurua ez ezik, intzidentzia tasa ere nabarmen apaldu da herri guztietan. Gaur-gaurkoz, Azkoitia eta Zumaia bakarrik daude eremu gorrian, 400dik gorako intzidentzia tasarekin; Zarautz eremu laranjara igaro da, eta Azpeitia, Oriorekin batera, eremu horian sartu da. 5.000 biztanletik beherako herriak ez dituzte koloreen eskeman sartzen.
Asteburuan, Zarautzen hauteman dituzte kasu berri gehien: hamabi. Ostiralean 462,59ko intzidentzia tasa zuten han, eta 385,49koa dute gaur. Zumaian, bederatzi positiborekin, 498,63tik 488,45era jaitsi da tasa. Azkoitian eta Azpeitian, zazpina positibo baieztatu dituzte asteburuan, eta 597,47ko eta 295,66ko tasak dituzte, hurrenez hurren. Azkoitiak 667,61ekoa zuen ostiralean, eta Azpeitiak 348,23koa.
Herri txikiei dagokienean, Errezilen positibo bat izan dute asteburuan, baina tasa jaitsi egin da, eta 1.449.28 da gaur gaurkoz. Aizarnazabalen, Beizaman, Getarian eta Zestoan ez dute positiborik izan asteburuan. Aizarnazabalen 260,08ko tasa dute, Getarian 70,67koa, Zestoan 359,53koa eta Beizamak hutsean jarraitzen du.
Positibotasun tasa %5etik behera
Hego Euskal Herriko datuek ere joera baikorra erakusten dute. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, atzo, orotara, 7.482 PCR eta antigeno test egin zituzten lau lurraldeetan, eta horietatik 335ek eman zuten positibo; %4,4k hain zuzen. Osasunaren Mundu Erakundeak izurria kontrolpean izateko jarritako %5eko mugaren azpitik, beraz.
Lurraldeka, Bizkaian zenbatu zituzten positiborik gehien: 151. Gipuzkoan 96 hauteman zituzten, Nafarroan 59 eta Araban 29.
Ospitaleetako egoera ere hobetzen ari da pixkanaka-pixkanaka. Atzo 24 lagun ospitaleratu zituzten Osakidetzaren mendeko erietxeetan, aspaldiko gutxien. Dena dela, oraindik ere COVID-19a duten 427 herritar daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan; horietatik 146 Zainketa Intentsiboetako Unitateetan (ZIU).