Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratu berri ditu ostiraletik igandera bitartean egindako PCR eta antigeno proben emaitzak, eta joan zen asteburuarekin alderatuta, behera egin dute kasuek. Oriori dagokionez, 11 kasu detektatu dituzte azken hiru egunetan —ostiralean sei, larunbatean hiru eta atzo bi—, eta intzidentzia tasa jaitsi egin da; 570,78 da gaur gaurkoz. Aian, berriz, hiru izan dira kasuak, eta intzidentzia tasa 957,18 da herrian.
Eskualde mailan, 79 positibo berri hauteman dituzte denera Urola Kostako herrietan azken hiru egunetan —joan zen asteburuan 95 izan ziren—, eta kasu horietatik gehienak Zarautzen izan dira; 31, hain zuzen ere —ostiralean 24, larunbatean bi eta atzo bost—. Hala eta guztiz, Urola Kostako herririk handienean nabarmen egin du behera 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasak, eta gaur-gaurkoz 749,56koa da —joan zen astelehenean 1.075,08ko tasa zuen—.
Zarautzen ondoren, Azkoitian zenbatu dituzte kasu gehien: hamahiru. Ostiralean bederatzi kasu hauteman zituzten, larunbatean bi, eta atzo, beste bi. Dena den, joan zen asteburuarekin alderatuta behera egin du Azkoitiko intzidentzia tasak ere, eta gaur-gaurkoz 851,21ekoa da. Zumaian hamar kasu berri zenbatu dituzte —zazpi ostiralean eta hiru larunbatean—, eta han ere beheraka ari da intzidentzia tasa; 814,08koa da gaur-gaurkoz.
Horrez gain, Azpeitian zortzi kasu hauteman dituzte azken hiru egunetan —ostiralean sei, eta larunbatean zein atzo bana—, eta hainbat astez eremu gorrian egon ostean, eremu laranjara igaro da Azpeitia, 387,65ekoa baita intzidentzia tasa, eskualdeko 5.000 biztanletik gorako herrietatik baxuena, alegia.
Gainontzeko herriei erreparatuta, kasu bana zenbatu dute Aizarnazabalen, Errezilen eta Zestoan, baina alde handia dago herri horien intzidentzia tasan. Aizarnazabalen eta Errezilen milatik gorako tasa dute oraindik —1.040,31 eta 1.28824, hurrenez hurren—; Zestoan, aldiz, 487,93koa da tasa. Beizaman eta Getarian ez da kasu berririk izan asteburuan, eta Getariako intzidentzia tasa 353,36ra jaitsi da.
Hego Euskal Herrian, hobera
Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan ere kasu positiboen beheranzko joera ari da nagusitzen. Lau lurraldeetan, guztira, 8.348 PCR eta antigeno egin zituzten atzo, eta horietatik 416 izan ziren positiboak. Lurraldez lurralde, Bizkaian zenbatu zituzten positibo gehien (175), eta ondoren, Gipuzkoan (149), Nafarroan (60) eta Araban (30). Positibotasun tasari dagokionez, %5,1 izan zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %4,6 Nafarroan.
Ospitaletako egoerak ere nabarmen egin du hobera. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan, guztira, 374 pertsona daude COVID-19 gaitzagatik, eta ZIUetan, 169. Nafarroaren kasuan, 143 dira ospitaleratuta dauden pertsonak, eta horietatik 28 daude ZIUetan.