Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratu berri ditu atzo, osteguna, egindako PCR eta antigeno proben emaitzak, eta berriro ere gora egin dute positiboek Urola Kostan; izan ere, 34 kasu berri zenbatu zituzten atzo eskualdeko herrietan, herenegun baino 11 gehiago. Dena dela, azken bi asteetako joera baikorra da Aian eta Orion, egunez egun atzematen ari diren positibo kopuruek behera egin dutenez, 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako tasak ere jaitsi egin direlako azken asteetan. Esate baterako, duela bi aste, 1.239,40koa zen intzidentzia tasa Orion, eta gaur gaurkoz 489,24koa da. Aian ere beherakada adierazgarria izan da azken bi asteetan: intzidentzia tasa 1.964,74koa zen duela bi aste; 1.712,85ekoa pasa den ostiralean eta une honetan 957,18koa da.
Kasu kopuruari erreparatzen bazaio, berriz, azken datuen arabera, hiru kasu hauteman zituzten atzo Aian eta bakarra Orion. Beraz, badirudi Aste Santuko oporraldiaren ondoren abiatu zen laugarren olatuak goia jo duela, eta beheranzko joera hartu duela bi herrietan.
Eskualdeko gainontzeko herriak
Azkoitian zenbatu zituzten atzo kasu gehien, hamar, hain zuzen; halere, 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako tasak ez du gora egin herri horretan, eta 909,62koa da gaur-gaurkoz, atzoko bera.
Zumaian ere azken egunetako daturik okerrenak izan ziren atzo; zortzi positibo berri hauteman zituzten, eta intzidentzia tasa 956,55era igo da. Une honetan Zumaia da 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herrietatik intzidentzia tasarik altuena duen herria. Zarautzen, ostera, hobera egiten ari da egoera, sei kasu berri zenbatu zituzten atzo, eta intzidentzia tasa 843,79raino jaitsi da. Bestalde, Azpeitian lau kasu berri hauteman zituzten, eta gero eta gertuago dute eremu laranja, gaur-gaurkoz 446,78koa baita hango tasa.
Eskualdeko gainontzeko herriei erreparatuta. Getarian eta Zestoanckasu bana zenbatu zuten atzo. Getarian behera egin du tasak —424,03koa da—, eta Zestoan, berriz, zertxobait igo da, 539,29raino. Bestalde, Aizarnazabalen, Errezilen eta Beizaman ez zuten kasu berririk hauteman, baina Aizarnazabalgo eta Errezilgo intzidentzia tasak eskualdeko altuenak dira oraindik —1.170,35ekoa eta 1.127,21ekoa, hurrenez hurren—.
Hego Euskal Herrian, 745 kasu
Hego Euskal Herrian egoerak hobera egiten jarraitzen badu ere, larria izaten jarraitzen du. Atzo, guztira, 11.333 PCR eta antigeno proba egin zituzten lau lurraldeetan, eta horietatik 745 pertsonak eman zuten positibo. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %6,6koa da positibotasun tasa, eta %6,3koa Nafarroan. Lurraldez lurralde, Bizkaian atzeman zituzten positibo gehien (321), eta, ondoren, Gipuzkoan (222), Nafarroan (126) eta Araban (70).
Hala eta guztiz, ospitaleetako egoerak nabarmen egin du hobera. Osakidetzaren arabera, gaur-gaurkoz 400 pertsona daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erietxeetan, eta 173 pertsona daude ZIUetan, atzo baino hamar gutxiago. Osasunbideak azaldu duenez, berriz, 168 dira Nafarroan COVID-19agatik ospitaleratuta dauden pertsonak, eta horietatik 29 daude ZIUetan.