Sei positibo zenbatu dituzte Aian, azken orduetan

Aitziber Arzallus 2021ko api. 29a, 13:43

Orion apaltzera egin du intzidentzia tasak; 962,17koa da, atzo ez baitzuten positibo berririk atzeman. Aiak, berriz, 2.000ko langatik gora jarraitzen du.

Eusko Jaurlaritzak kaleratu du koronabirusaren bilakaerari buruzko eguerdiroko txostena, eta gaurkoak ere datu kezkagarriak utzi ditu. Atzo Urola Kostan egindako PCR eta antigeno probetan —ez dute zehazten herri bakoitzean zenbat egiten dituzten— beste 57 positibo baieztatu zituzten, herenegun baino bost gehiago, eta herri guztietako intzidentzia tasak oso altuak dira, Beizamakoa eta Errezilgoa salbu.

Atzo ere Zarautzen atzeman zituzten kasu berri gehien, hemeretzi, eta beste koska bat gora egin du 100.000 biztanleko hamalau eguneko positibo metatuen kopuruak: 1.306,38 da. Are tasa altuagoa du Zumaiak, 1.333,06koa, atzo beste hamabi positibo baieztatuta. Azkoitian, Azpeitian eta Orion, ostera, apaltzera egin du intzidentzia tasak. Azkoitian atzo 11 positibo hautemanda, 1.101,56ko intzidentzia tasa dute; Azpeitian, lau kasu berri atzemanda, 525,62koa; eta Orion, 962,17koa —atzo ez zuten positiborik atzeman han—.

5.000 biztanletik behera dituzten eskualdeko herri gehienetako egoera ez da hobea. Aian sei positibo zenbatu zituzten atzo; Zestoan hiru; eta Aizarnazabalen eta Getarian bana. Horietan guztietan intzidentzia tasa oso altuak dituzte, baina kontuan izan behar da, herri txikiak izanik, positibo bakar batek tasa horretan gorabehera handiak eragin ditzakeela. Beizaman eta Errezilen, ostera, lasaitasuna nagusi: positiborik ez dute izan gutxienez azken hamalau egunotan.

Hego Euskal Herrian, milatik gora positibo
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, atzo 14.800 proba egin zituzten Hego Euskal Herrian, eta horietatik 1.067k positibo eman zuten; %7,2k hain zuzen. Bizkaia izan zen positibo gehien atzeman zituzten lurraldea: 412. Gipuzkoan 386 zenbatu zituzten, Nafarroan 188 eta Arabaz 70.

Ospitaleetako egoerak, berriz, ezin esan hobera egin duenik. Egia da atzo herenegun baino gaixo gutxiago ospitaleratu zituztela Osakidetzaren mendeko erietxeetan: 83 izan ziren atzo eta 99 herenegun. Baina, orotara, 729 herritar daude ospitaleetan —herenegun baino hiru gehiago— eta horietatik 192 daude Zainketa Intentsiboetako Unitateetan —herenegun baino zortzi gehiago—.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide