Herenegun bezala, atzo ere 69 kasu positibo atzeman zituen eskualdean egindako PCR eta antigeno probetan Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak, eta okerrera egiten jarraitzen dute 100.000 biztanleko azken 14 eguneko intzidentzia metatuen tasek. Aia eta Orio ez dira salbuespena, gaur gaurkoz 906,8ko tasa baitu Aiak – eta 755,67koa zen bezperan– eta 831,70ekoa Oriok. Ez da gutxiagorako, azken astean 15 kasu atzeman dituztelako Aian– atzo sei kasu hauteman zituzten–, eta 37 Orion –atzo zazpi kasu zenbatu dituzten–. Hala, badirudi Aste Santuko oporraldiaren eragina nabari dela. Martxoaren 22tik apirilaren 29era, Aste Santuaren aurreko astean, esaterako, ez zuten kutsatu berririk atzeman Orion, baina ordutik pixkanaka goranzko joera hartu du kutsatu kopuruak.
Eskualdeko herriei dagokienez, eremu gorrian sartu da Azpeitia ere. 387,65eko intzidentzia tasa zeukan herenegun, 400eko langatik oso gertu, eta atzo gainditu egin zuen, gutxigatik izan arren; 400,79. Hala, 11 herrietatik zortzi daude eremu horretan, hau da, 400dik gorako intzidentzia tasarekin: Azkoitia, Azpeitia, Orio, Zarautz, Zumaia, eta 5.000 biztanle baino gutxiago dituzten Aia, Getaria eta Zestoa.
Positibo berriei dagokienez, Zarautzen atzeman dira gehienak, hemeretzi (839,51ekoa da intzidentzia tasa orain, bezperan 770,98koa zen); Azkoitian hamalau positibo izan dira (intzidentzia tasa 1.216,05ekoa da, 1.118,25ekoa zen bezperan); Zumaian hamabi (intzidentzia tasa 702,15ekoa da orain, 600,39koa zen bezperan); Azpeitian bost (400,79ko intzidentzia); eta hiruna Getarian eta Zestoan (1.342,76ra igo da intzidentzia Getarian 1.236,75etik, eta 487,93koa da Zestoan).
Astebete atzera egin eta joan den ostiraleko datuekin alderatuta, nabarmen egin du okerrera egoerak Urola Kostan. Orduan, 41 kasu berri atzeman ziren.
Hego Euskal Herrian 1.115 positibo berri
Hego Euskal Herrian 12.824 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo Osakidetzak eta Osasunbideak, eta 1.115 positibo berri atzeman zituzten. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 10.067 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo, eta 916k eman zuten positibo, hau da, %9,1ek. Bezperan 8,7koa zen positibotasuna, eta beraz, eskualdean bezala, okerrera egin dute datuek hiru lurralde horietan ere. Araban 101 positibo atzeman zituzten atzo, Bizkaian 413 eta Gipuzkoan 389.
Nafarroan 2.757 proba egin zituzten atzo, eta 199 positibo berri atzeman dituzte. Positibotasuna %7,2koa da han gaur-gaurkoz (bezperan %7,4koa zen).
Ospitaleen egoerari dagokionez, atzo 67 pertsona ospitaleratu behar izan zituzten Osakidetzako erietxeetan COVID-19 birusagatik, eta guztira 433 lagun daude ospitaleratuta (hilabetea hasi zenean 308 zeuden). ZIUn, berriz, 132 pertsona daude ospitaleratuta (hilabete hasieran 93 pertsona zeuden zaintza intentsiboko unitateetan ospitaleratuta).