Atzo egindako PCR eta antigeno probetako emaitzak argitaratu ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Herenegungo emaitzekin alderatuta, nabarmen igo da Urola Kostan baieztatutako kasu positiboen kopurua: 44 kasu berri zenbatu zituzten herenegungo probetan, eta 78 atzokoetan.
Zarautzen atzeman dituzte kasu gehien, hemeretzi, baina gertutik jarraitu diote Oriok eta Azkoitiak hamahiruna emaitza positiborekin. Azpeitian bederatzi kasu positibo detektatu dituzte azken orduetan, Zumaian zortzi, eta Getarian sei. Aian eta Zestoan gorakada nabarmen bat ere izan da atzoko emaitzetan: kolpera sei kasu berri izan dira Aian, eta lau Zestoan. Errezilen, Beizaman eta Aizarnazabalen, aldiz, ez dute kasu positiborik detektatu atzoko probetan.
Azkeneko datuak kontuan hartuta, eremu gorrian jarraitzen dute eskualdeko lau herrik: Azkoitiak, Oriok, Zarautzek eta Zumaiak. Gainera, gora egiten jarraitzen du lau udalerri horietako 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasak. 1.000ko langa gainditu du Azkoitiak, eta 1.043,14koa da herriko intzidentzia tasa gaur-gaurkoz (976,38koa zen atzo); Oriok eta Zarautzek, aldiz, 700eko muga pasatu dute, eta 766,47ko eta 715,30eko tasak dituzte une honetan, hurrenez hurren (atzo 587,08ko eta 646,76ko tasak erregistratu zituzten). Zumaiak, bestalde, 500etik gorako intzidentzia tasa gainditu du: 518,98.
Azpeitia, ordea, eremu laranjan sartu da atzoko emaitzekin, 300eko langa pasatu baitu: intzidentzia tasa 295,66koa zen atzo, eta 335,09koa da gaur egun. Horretaz gain, Urola Kostan badira eremu gorrian ez egon arren 400eko tasa gainditu dutenak; hain zuzen, Getaria eta Aia. 1024,73ko eta 604,53ko tasak dituzte, hurrenez hurren.
1.200dik gora kasu Hego Euskal Herrian
Koronabirusa hautemateko 13.929 proba egin zituzten atzo Hego Euskal Herrian eta, guztira, 1.217 emaitza positibo izan dira: 456 kasu zenbatu dituzte Gipuzkoan, 419 Bizkaian, 214 Nafarroan, 123 Araban eta bost lurralde horietatik kanpo bizi diren pertsonen artean. Positibotasun tasa, hortaz, %8,9koa izan da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %8,1ekoa Nafarroan. Lurralde guztietan hazi da tasa, %7,8koa eta %7,7koa izan baitzen herenegungo probetan.
Atzo baino hiru lagun gehiago daude Osakidetzan ospitaleratuta: 433. Horietatik 133, hain zuzen, ZIUetan daude. Ospitaleratze berriek, ordea, behera egin dute Osakidetzan: 90 izan dira azken orduetan.