Gipuzkoako Batel Txapelketa jokatu da gaur Pasaian, eta ligako sailkapen orokorra kontuan hartuta, ia maila denetan atera dira Orioko batelak. Hiru batelek, gainera, bandera ekarri dute etxera: kadete mutilek, jubenil neskek eta jubenil mutilek, hain zuzen ere. Infantil mutilek ere lan txukuna egin dute, eta bigarren geratu dira beren sailkapenean.
Federazio sarian, berriz, promesetan eta infantil nesketan lortu du garaipena Oriok. Gainera, kadete mutilen mailan, Oihan Manterola oriotarrari eman diote ziaboga onenaren saria.
Asteburu borobila izan du Orioko Arraunketa Elkarteak, gaurko lorpenez gain, atzo ere lan bikaina egin baitzuten Orioko batelek Kluben Arteko Gipuzkoako Batel Ligan.