Orion ere goranzko joera hartu du intzidentzia tasak

Amaia Urbieta Arruti 2021ko api. 9a, 13:28

Astebetean, 163,08ko intzidentzia tasa izatetik 358,77koa izatera igaro da Orio, zazpi egunean hamalau positibo baieztatuta. Aiaren kasuan, berriz, behera egin du intzidentzia tasak. Duela astebete 755,67koa zuen, eta 604,53koa da orain. Azken astean hiru positibo baieztatu dituzte herri horretan.

Azken egunotako joerari eutsi diote gaur Eusko Jaurlaritzak argitaratutako koronabirusaren bilakaera aztertzen duten datuek. Ez da hala izan, ordea, Orioren kasuan. Herenegungo igoeraren ostean (zortzi positibo atzeman zituzten), ez zuten positiborik zenbatu atzo herri horretan. Dena den, astebetean asko igo da intzidentzia tasa, denera hamalau kasu baieztatu baitituzte zazpi egunean: 163,08tik 358,77ra. Aian, berriz, hiru kasu atzeman dituzte aste osoan, eta behera egin du apur bat tasak aurreko astekoarekin alderatuta: 755,67tik 604,53ra jaitsi da.

Inguruko herriei erreparatuta, kezkagarriak dira datuak; batez ere, Zarauzkoak. Hamabost kasu atzeman zituzten atzo herri horretan (azken hiru egunetan denera 56), eta oso denbora gutxian eremu horian egotetik gorrian egotera igaro da bertako intzidentzia tasa. Gaur-gaurkoz, 445,45ekoa da tasa herri horretan. Azkoitia ere eremu gorrian dago astearteaz geroztik, eta azken egunotako positibo gehien atzeman zituzten atzokoan herri horretan: 11. Hori horrela, dagoeneko larria zen tasa are gehiago igo da. 559,13koa da herri horretan orain 14 eguneko kasu metatuen tasa. Zumaia ere sartu da gaurkoan datu kezkagarriak eman dituzten herrien zerrendan. Bederatzi kasu berrirekin, eremu horian sartu da kostako herria. Atzo 300dik beherakoa bazan ere, orain 335,81ekoa da intzidentzia tasa han. 

Gainontzeko kauak Aian (1), Azpeitian (2), Getarian (2) eta Zestoan (1) atzeman dituzte, eta herri horietako intzidentzia tasek ez dute gorabehera handirik izan. Eskualdeko beste herrietan ez zuten kasu berririk zenbatu atzokoan. 

1.000 kasutik gora Hegoaldean

Hego Euskal Herriko datuei dagokienean, 13.901 proba egin zituzten atzokoan, eta horietatik 1.075ek eman zuten positibo. Lurraldeka, Gipuzkoan atzeman zituzten kasu gehien atzokoan (334). Bizkaian 314 zenbatu zituzten, Nafarroan 283 eta Araban 140. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako positibotasun tasa %7,4koa da azken datuen arabera, eta Nafarroakoa, berriz, %8,9koa.

Erietxeen egoeraren inguruko datuak ere kezkagarriak dira. Atzoko paziente kopuru berak jarraitzen du ospitaleratuta (366), baina aspaldiko ospitaleratze berri gehien izan dira azken egunean (74), eta Zainketa Intentsiboen Unitatean ere azken asteotan egon den gaixo kopuru handiena dago (106).

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide