240 positibo izan dira Gipuzkoan azken orduetan

Andoni Elduaien 2021ko api. 1a, 13:20

Azken egunotako kutsatu kopururik handienaren berri eman dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, Hego Euskal Herrian 800dik gora positibo detektatu eta gero. Gipuzkoan, ia 240 kasu positibo zenbatu zituzten atzo, asteazkena.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Nafarroako Gobernuko Osasunbideak duela minutu gutxi jakinarazi dituzte atzo, asteazkena, egindako PCR eta antigeno proben emaitzak. Hala eta guztiz ere, Jaurlaritzak gaur ez du herriz herrikako datuak ematen dituen txostenik zabaldu. Oporrak eta jai egunak tarteko, datorren asteartera arte ez dituzte herrien gaineko datuak jakinaraziko.

Atzo, 809 kasu positibo hauteman zituzten Hego Euskal Herrian. Azken egunotako zenbatekorik handiena da gaur bi gobernuek jakinarazi dutena. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 8.771 proba egin zituzten eta kutsatze tasa %7,3koa izan zen. Nafarroan, aldiz, 3.507 PCR nahiz antigeno test egin zituzten, eta positibotasun tasa zertxobait apalagoa neurtu zuten: %4,7.  

Lurraldeen arabera, 302 kasu atzeman zituzten Bizkaian, 239 Gipuzkoan, 166 Nafarroan eta 99 Araban. Halere, beste lurralde batzuetako hiru kasu positibo ere detektatu zituzten.

Ospitaleen egoerari dagokionez, “COVID-19aren ondorioz” 64 pertsona ospitaleratu zituzten atzo Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erietxeetan. Gaur-gaurkoz, “COVID-19a duten” 90 pertsona daude Zainketa Intentsiboen Unitatean edo ZIUn.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide