Kasu positiboek eta positibotasun tasak behera egin dute Hego Euskal Herrian

Andoni Elduaien 2021ko mar. 27a, 13:00

Herenegun egindako probetan 811 positibo atzeman zituzten Hego Euskal Herrian; atzo, 60 kasu gutxiago. Positibotasun tasa ere jaitsi egin dela adierazi dute Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak.

Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko osasun sailek kaleratu berri dute koronabirusari buruzko eguneroko txostena. Horien arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 592 kasu positibo atzeman zituen atzo Osakidetzak, eta 159 kasu Nafarroan Osasunbideak. Guztira, 751 pertsonek eman zuten positibo atzo Hego Euskal Herrian; herenegun baino 60 positibo gutxiago. Kasuak gutxitu diren bezala, positibotasun tasak ere behera egin du.

Atzo, ostirala, 10.254 proba egin zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 592 positibo hauteman zituzten. %5,8koa da hiru lurralde horietako positibotasun tasa; herenegun, %6,5ekoa zen tasa. Bizkaian 283 positibo atzeman zituzten, Gipuzkoan 199 eta Araban 108. Lurralde horietatik kanpo bizi den bi lagunek ere eman zuen positibo atzo gauzatutako probetan.

Nafarroan, berriz, 2.598 test egin zituzten atzo, eta 159 positibo hauteman –207 positibo baieztatu zituzten herenegun–; %6,1ekoa da gaur-gaurkoz Nafarroako positibotasun tasa, eta beraz, behera egin du; izan ere, herenegun egindako proben ondoren %8,6koa zen tasa.

Osakidetzak ospitaleetako datuak ere eman ditu, eta erakundearen arabera, atzo 70 lagun ospitaleratu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan. Gaur-gaurkoz, 86 lagun daude ZIUetan ospitaleratuta.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak ez ditu herrikako datuak argitaratzen asteburuetan; beraz, astelehenera arte itxaron beharko da tokian tokiko datuak izateko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide