Orion positibo bat izan da azken orduetan

Andoni Elduaien 2021ko mar. 10a, 13:46

163,08ko tasa du gaur gaurkoz Oriok. Aian, aldiz, ez da positiborik izan atzo egindako probetan.

Eusko Jaurlaritzak eguneratu ditu izurritearen gaineko datuak. Urola Kosta eskualdean hamalau kasu positibo hauteman ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Horietatik bat Orion izan da, eta 163,08ko tasa du herriak orain. Aian, aldiz, ez da positiborik izan.

Zarautzen zenbatu dituzte kasu gehien, sei guztira. Intzidentzia tasak gora egin du atzotik, eta 115,65ekoa dute orain. Azpeitian, berriz, lau kasu positibo baieztatu zituzten atzo egindako probetan, eta gora egin du intzidentzia tasak: 157,69koa da orain tasa han.

Zestoan, ostera, bi kasu positibo atzeman dituzte, eta eskualdeko intzidentzia tasarik handiena duen herria da, 462,25eko zenbatekoarekin. Zumaian, aldiz, kasu positibo bat detektatu dute, eta 101,76koa da tasa herrian. Eskualdeko gainerako herrietan ez dute kasu positiborik zenbatu atzo egindako probetan.

385 positibo

Hego Euskal Herrian herenegun egindako probetan baino kasu positibo bat gehiago zenbatu zuten atzo: 385 kasu positibo. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 8.274 test egin zituzten atzo, eta 335 positibo detektatu zituzten. Lurraldeen arabera, 173 kasu zenbatu zituzten Bizkaian, 107 Gipuzkoan eta 49 Araban. Era berean, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren sei pertsonari ere detektatu zioten positiboa. Positibotasun tasa %4koa izan zen atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan, berriz, 2.295 proba egin zituzten, eta guztira 50 kasu baieztatu zituzten. Positibotasun tasa %2,2koa izan zen atzo han.

Ospitaleen egoerari ere egin dio aipamena Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak txostenean, eta jakinarazi du “COVID-19aren ondorioz” 31 pertsona ospitaleratu zituztela atzo. Gaur-gaurkoz 258 pertsona daude Osakidetzako erietxeetan ospitaleratuta; gorabehera batzuekin, baina kopuruak behera egiten jarraitzen du pixkanaka-pixkanaka. Zainketa Intentsiboen Unitatean edo ZIUn, ostera, 101 lagun daude egun. Halere, otsailaren 24az geroztik Osasun Sailak eman duen kopururik baxuena da atzokoa. Bestalde, Osasun Sailak jakinarazi du “COVID-19 tarteko” 40 hildako egon direla Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan martxoaren 1etik 7ra bitartean.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide