Gauerditik dago entzungai Esti Markezen 'Printzesak eta printzeak' abestia. Abeslariak hainbat musikariren kolaborazioa izan du oraingo honetan. Bideoan ikus daitekeen modura, ondoan izan ditu Olatz Salvador eta Sara Azurza —ahotsak—, Julen Alonso —pianoa—, Ander Zulaika —bateria—, Arkaitz Miner —gitarra elektrikoa—, Ane Bastida —baxua— eta Mikel Markez —gitarra akustikoa—.
Grabaketak Elkar estudioetan egin zituzten Victor Sanchezekin, eta toki berean nahastu eta masterizatu zen abestia.
Hauek dira kantuaren hitzak:
Printzesa eder, printzipe guapo
Mari errauskin edota zapo
naranja erdirik ez zazu bila;
zeu osoa zarelako.
Zeure begiez bizi, eta ez
besteen begientzako
-egin dorretxetik salto-
Aske bazara ez duzulako
askatzailerik beharko.
Konplexuz gizen ta pixuz lumak
besteentzako panpin kuttunak
izan gaitezen agintzen digu
sarritan gure garunak.
Izan gaitezke haundi zein txiki,
azkarrak edo tuntunak,
braketdunak, barredunak….
Erakargarri egiten gaitu
gure berezitasunak.
Bizitzak dauzka hainbat zutabe
pozak, tristurak ta dudak daude.
Dena aldatzen da, ta soilik gara
geure buruaren jabe.
Ate bat itxi eta beste bat
zabaltzen da parez pare;
lotu ta askatu xuabe.
Edonor gabe bizi gintezke
eta edonor gu gabe.
Gaurrak puskatzen du iragana
eta egunak gaua darama
eta hasten den bezain natural
bukatzen da harremana.
Ez zazu pasa bizitza osoa
begiratuz besteengana;
bila zazu zeugan barna
zeu zara zeure zorionean
eragin gehien daukana.
Jardin haundi bat duten etxeak
asko balio duten kotxeak
bikote beti irrifartsuak
instagrameko poseak….
Askatasuna ematen digu
topikoak birrintzeak
inperfektu sentitzeak
ipuinetan bakarrik daude
printzesak eta printzeak.