Osakidetza astelehenean hasi zen 90 urtetik gorako pertsonak txertatzen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Zarautzen gaur hasiko dira txertaketak, DYAren lokalean. 90-99 urte arteko herritarrak 10:15ean hasi dira COVID-19aren aurkako Pfizer txertoa jasotzen; gehienei lokal barruan jarriko diete txertoa, baina kanpoaldean txertatuko dituzte mugikortasun arazoak dituzten pertsonak, haien ibilgailuen barruan.
Gaurko jardunaldian 90-99 urte arteko 81 pertsona txertatu dituzte Zarautzen. DYAren lokalera bertaratuko dira horietatik 75, baina haien etxebizitzetan jasoko dute txertoa beste sei lagunek.
Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburuak astelehenean adierazi zuenez, kanpaina zehatz honetan, 90 urtetik gorako 30.000 pertsona ingururi jarriko diete txertoa Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Dena den, Osakidetzako Zarauzko langileek azaldu dute, gaur-gaurkoz, ez dagoela zehaztuta zein izango diren hurrengo urratsak txertaketa kanpaina orokorrean. Txertoak eskuragarri egon ahala antolatuko dituzte hurrengo txertaketak, haien esanetan.