Baretu da hirugarren olatua

Amaia Urbieta /Aiora LarraƱaga 2021ko ots. 26a, 14:41

Azken astean bederatzi positibo berri atzeman dituzte Orion eta lau Aian.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi berri ditu atzo COVID-19aren bueltako datu eguneratuak eta eskualdean, guztira, zortzi positibo berri atzeman zituzten atzo; horietako bat Orion zenbatu dute. Beraz, bere horretan mantendu da intzidentzia tasa herrian, 179aren bueltan. 

Azken hilabeteetako datuei erreparatuz gero, grafikoan argi ikus daiteke hirugarren olatua gainditu dela Orion. Urtarrilaren amaieran nabarmen igo zen kutsatu kopurua, 1.400eko intzidentzia tasara iritsiz. Egoeraren aurrean, Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurri zorrotzez gain, udal ekipamenduak eta zerbitzuak ixtea erabaki zuen Orioko Udalak, eta lortu zen egoerari buelta ematea. Hala, otsailaren 9tik beheranzko joera izan du intzidentzia tasak eta gaur egun eremu horian aurkitzen da. Azken astean esaterako, bederatzi kasu berri atzeman zituzten herrian; horietatik, zazpi pasa den ostiralean. Dena dela, badirudi ostiraleko kasu horien fokua atzeman dutela, astean zehar kutsatu bakan batzuk soilik zenbatu dituztelako.

Aian, bestalde, azken astean lau kasu atzeman dituzte, eta intzidentzia tasa 352koa da. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak 5.000 biztanletik beherako herrietan ez du aplikatzen semaforo bidezko sistema.

Eskualdean zortzi kasu
Eskualdean azken egunetan ez da aldaketa handirik izan herriz herriko koloreetan, eta horian jarraitzen dute herri guztiek; horrez gain, momentuz urrun daude eremu laranjara igarotzetik.

Atzemandako zortzi kasuetatik erdiak Zarautzen zenbatu dituzte, baina hala ere jaitsi egin da herri horretako intzidentzia tasa apur bat (162,76koa da gaur, eta 175,61ekoa zen atzo). Gainontzeko kasuak Azkoitian, Azpeitian eta Getarian hauteman zituzten atzo; bakoitzean bana. Intzidentzia tasa igo egin da apur bat Azkoitian, baina oso baxua izaten jarraitzen du (66,76tik 75,11ra igo da). Azpeitian behera egiten jarraitzen du tasak egunez egun, pixkanaka bada ere. Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen Zestoan eta Zumaian ez zuten kasu positibo berririk atzeman atzo.

500 kasutik behera
Osakidetzak eta Osasunbideak argitaratutako datuen arabera, atzokoan guztira 9.153 PCR eta antigeno proba egin zituzten Hego Euskal Herrian, eta horietatik 418k eman zuten positibo. Datu horien arabera, positibotasun tasa %4,9koa izan zen atzo Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta %3,2koa Nafarroan. Atzemandako 418 kasuetatik gehienak Bizkaian atzeman zituzten atzo ere: 218. 88 Gipuzkoan hauteman zituzten, Araban 59 eta Nafarroan 50.

Erietxeetako egoerari dagokionean, 45 pertsona ospitaleratu zituzten atzokoan eta, denera, 313 lagun daude ospitaleratuta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horietako 126 daude Zainketa Intentsiboen Unitatean. Oso apurka bada ere, beheraka doa ZIUn dauden gaixoen kopurua ere, duela astebete 144 gaixo baitzeuden han.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide