Orion eta Aian ez da positiborik izan azken orduetan

Anartz Izagirre 2021ko ots. 18a, 13:24

Intzidentzia tasak behera egiten jarraitzen du Orion, eta gaur gaurkoz 309,85ekoa da zifra. Eremu horira hurreratu arren, oraindik laranjan kokatuta dago herria.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratu ditu atzo, asteazkena, egindako PCR eta antigeno proben emaitzak, eta horien arabera, Orion eta Aian ez da positiborik izan azken orduetan. Hala, intzidentzia tasa 309,85ean kokatu da Orion, eta egoerak hobera egin du azken egunotan.

Eskualdeari dagokionez, herenegun baino bost kasu gehiago atzeman dituzte denera, hamabi hain zuzen ere. Urola Kostako positibo guztiak hiru herritan hauteman zituzten atzo.

Zumaian izan dira kasu gehien; izan ere, bost kasu zenbatu zituzten atzo, eta uneotan 100.000 biztanleko hamalau egunetako tasa 203,52koa da herrian. Azken egunetako joerari erreparatuta, igoera txiki bat izan da han, baina oraindik ere eremu horian jarraitzen dute.

Bestalde, Zarautzen lau positibo berri zenbatu zituzten atzokoan, herenegun baino bi gehiago. Gaur-gaurkoz 282,69ko tasa dute eskualdeko herririk jendetsuenean; beraz, eremu horian jarraitzen dute.

Atzo positiboak zenbatu zituzten hirugarren herria Azpeitia izan zen. Hiru egun jarraian herrian positiborik hauteman ez badute ere, atzo hiru kasu berri zenbatu zituen Osasun Sailak. Hala eta guztiz, intzidentzia tasan ez da aldaketa handirik izan, eta gaur-gaurkoz 308,80ko tasa du Azpeitiak; beraz, eremu laranjan jarraitzen du.

Eskualdeko gainontzeko zortzi herrietan, berriz, ez zuten positibo bakar bat ere zenbatu. Azkoitian intzidentzia tasak behera egiten jarraitzen du, eta 133,52ko tasa dute orain. 5.000 biztanletik beherako herrietatik aipagarriena, berriz, Zestoako kasua da. Osasun Sailak atzokoan ez zuen han kasu berririk zenbatu, baina bertan eskualdeko intzidentzia tasarik altuena dute oraindik, 410,89koa, hain justu.

Hego Euskal Herrian, gora

Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren osasun sailek emandako datuei erreparatuta, guztira, 13.229 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo lau lurraldeetan, eta 641 positibo izan ziren. Azken egunetako joera bera izan zen atzo ere, eta Bizkaian atzeman zituzten kasurik gehien: 341. Horrez gain, Gipuzkoan 133 kasu hauteman zituzten, Araban 81 eta Nafarroan 78. Bestlade, EAEtik kanpoko herritarren zortzi kasu ere atzeman zituen Osakidetzak. Gauzak horrela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako positibotasun tasa %5ekoa da eta Nafarroakoa %4,1ekoa.

Ospitaleratzeei dagokienez, berriz, Osakidetzako erietxeetan 68 pertsona ospitaleratu zituzten atzo; ZIUetan, berriz, 153 pertsona daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide