Aian bi positibo detektatu dituzte azken orduetan, eta Orion bat ere ez

Amaia Urbieta Arruti 2021ko ots. 16a, 13:25

Aian bi kasu atzeman dituzten arren, intzidentzia tasak behera egin du herrian atzotik, eta 201,51koa da gaur gaurkoz. Orion ez dute positiborik detektatu, eta 456,62an dago tasa.

Osakidetzak egunero plazaratu ohi du koronabirusaren inguruko datu eguneratuak jasotzen dituen txostena. Gaurko datuei erreparatuta, asteburuan atzemandakoak bezain zenbaki baxuak ez diren arren, garbia da kasu berrien beheranzko joera. Oriori dagokionez, ez dute kasu berririk atzeman azken orduetan, eta 456,62ko tasarekin eremu laranjan jarraitzen du herriak. Aian, aldiz, bi kasu zenbatu dituzte, baina tasa jaitsi egin da eta 201,51koa da gaur gaurkoz.

Eskualdean, hamabi positibo berri atzeman dituzte denera, horien erdiak Zarautzen. Aurreko hiru egunetan adina atzeman zituzten atzokoan, baina intzidentzia tasa ez da igo herri horretan, mantendu egin da: 316,96ean dago zifra gaur-gaurkoz. 

Zestoan hiru kasu atzeman zituzten atzo, hori dela eta, 100.000 biztanleko hamalau egunetako tasak 500eko langa gainditu du herri horretan. 539,29ekoa da tasa, baina 5.000 biztanletik beherako herria denez, ez da aplikatzen Eusko Jaurlaritzak ezarritako semaforoaren sistema. Zumaian ere kasu bat atzeman dute,  eta 213,70ean dago tasa herri horretan.

Eskualdeko gainontzeko herrietan ez zuten positibo berririk atzeman atzo, beraz, eremuei dagokienean, ez da aldaketa handirik izan. Eremu gorritik kanpo jarraitzen dute eskualdeko herri guztiek; eremu laranjan daude Oriorekin batera Azpeitia eta Zarautz ere, eta horian Azkoitia eta Zumaia.

Beheranzko joera Hego Euskal Herrian

Urola Kosta eskualdea ez da salbuespena, izan ere, azken egunetan apaltzera egin dute Hego Euskal Herrian atzemandako kasu berriek, eta atzoko datuek joera hori berretsi dute. Denera, 11.311 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzokoan, eta horietatik 512k eman zuten positibo. 45ek Araban, 293k Bizkaian, 106k Gipuzkoan eta 9k hiru lurralde horietatik kanpo. Nafarroan, berriz, 59 izan ziren atzemandako kasu berriak. Hala, positibotasun tasa %5 baino txikiagoa da Hego Euskal Herrian. %3,4koa da Nafarroan eta %4,7koa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 

Dena den, erietxeetako egoerak gordina izaten jarraitzen du oraindik ere. 60 pertsona ospitaleratu zituzten atzo Araba, Bizkai eta Gipuzkoan koronabirusagatik, eta une honetan 438 lagun daude ospitaleratuta hiru lurralde horietan, herenegun baino 36 gutxiago. Zainketa Intentsiboen Unitatean, berriz, koronabirusa duten 168 gaixo daude.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide