162 positibo detektatu dituzte Gipuzkoan azken orduetan

Amaia Urbieta Arruti 2021ko ots. 13a, 13:53

Osakidetzak eta Osasunbideak plazaratu dituzte atzoko proben emaitzak eta, horien arabera, igo egin da positibotasun tasa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan, berriz, behera egin du apur bat.

Plazaratu berri dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak atzo egin ziren PCR eta antigeno proben emaitzak. 13.728 proba diagnostiko egin zituzten guztira lau lurraldeetan, eta horietatik 698k eman zuten positibo. Positibo eman duten proben artean, Bizkaian atzeman zituzten gehienak atzo ere: 367. 162 zenbatu zituzten Gipuzkoan, 85 Nafarroan eta 71 Araban. Positibotasun tasa % 5,5ekoa izan zen atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (herenegun baino altuagoa), eta %3,4koa, berriz, Nafarroan (jaitsi egin da herenegundik). 

Ospitaleetako datuei erreparatuta, Osakidetzak azaldu du 80 pertsona ospitaleratu zituztela atzo COVIDaren ondorioz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, herenegun baino hamazazpi gehiago; bestetik, gaur-gaurkoz, gaixotasun hori duten 170 pertsona daude ZIUn, herenegun baino hiru gutxiago. Nafarroako Gobernuak ez du ospitaleratzeen inguruko informaziorik eman.

Etzi, astelehena, jakingo dira eskualdeko herriz herriko datuak zein R0 indizea zeintzuk diren, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak ez baitu asteburuetan horien berri ematen.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide