Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak emandako azken datuen arabera, Orion 2 positibo atzeman ditu Osakidetzak azken orduetan, bezperako kopuru bera, eta intzidentzia tasak jaitsiera nabarmena izan du. 1.043,71tik 782,78ra egin du behera, hain zuzen ere, eta oraindik ere herriak eremu gorrian jarraituko du. Aiari dagokionez, atzo ere ez zuten kasu berririk detektatu, eta sei egunetan kasurik izan ez dutenez, 554,16ra jaitsi da tasa. Dena den, herriak oraindik ere itxita jarraitzen du.
Eskualde mailan, Osakidetzak 20 positibo berri baieztatu ditu denera egindako PCR eta antigeno probetan. 10 kasuren berri eman zuten asteartean (asteleheneko datuez), baina ordutik gora egin du: 21 herenegun, eta 20 atzo.
Azpeitian 814,72tik 716,16ra jaitsi da tasa, atzo beste lau positibo zenbatu ziren arren. Eremu laranjara pasatzetik urrun da Azpeitia, Orioren modura. Eta ikusi egin beharko da atzotik ostalaritza guneak zabaltzeak egoera okertuko duen ala ez. Eusko Jaurlaritzak argi dauka baietz, epidemiologoak ere publikoki agertu dira EAEko Auzitegi Nagusiak hartutako erabakiaren aurka eta baliteke Labi batzorde teknikoak bihar neurriak zorroztea erabakitzea ostalaritza sektoreari.
Zestoa da beste arreta guneetako bat eskualdean, gorantz doalako kutsatu kopurua eta tasa: lau positibo berri zenbatu ziren atzo (zazpi azken hiru egunetan). 564,97koa da tasa orain, eta 487,93an zegoen atzo. Eremu gorrian sartu arren, 5.000 biztanletik beherako herria da, eta oraingoz neurri berezirik ez hartzea erabaki dute adituek.
Zarautzen beste bederatzi kasu berri zenbatu ziren atzo, baina tasa ez da askorik mugitu, eta 372,64koa da gaur-gaurkoz. Eremu laranjan jarraitzen du eskualdeko herri handienak. Zumaian ere eremu laranjan jarraitzen dute, atzo positibo bakarra zenbatuta, 345,99ko tasarekin. Bezperan lau kutsatu berri egon ziren, eta azken datu hori positiboa da, hortaz.
Eskualdeko sei herritan ez da positibo berririk egon atzo; izan ere, Aiaz gain Aizarnazabalen, Azkoitian, Errezilen, Beizaman eta Getarian egunak daramatzate kutsatu berririk gabe. Aizarnazabalen ere, bare-bare dago azken egunetan kontua, eta tasa hutsean dago. Baita Errezilen eta Beizaman ere.
Atzoko datuei esker, Azkoitian 267,04ra jaitsi da tasa (bezperan hiru positibo egon ziren). Getarian are baxuagoa da tasa, 106,01.
Beheranzko joera
Hego Euskal Herrian 781 kasu berri atzeman zituzten atzo. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 13.820 test diagnostiko egin ziren, eta, haietatik, 684 positiboak izan ziren: 100 positibo atzeman zituzten Araban, 386 Bizkaian, 187 Gipuzkoan eta 11 lurralde horietatik kanpo bizi diren pertsonetan atzeman zituzten. Nafarroan 97 positibo zenbatu zituzten guztira, 2.869 proba eginda.
Bezperako datuak baino hobexeagoak dira atzokoak, herenegun 835 kasu zenbatu baitzituzten lau lurraldeetan.
COVID-19aren ondorioz 70 pertsona ospitaleratu zituzten atzo Osakidetzaren eskumeneko zentroetan, eta COVID-19a duten 167 pertsona daude ZIU Zaintza Intentsiboetako Unitateetan ingresatuta. Nafarroan 159 lagun daude ospitaleratuta.