Sei positibo detektatu dituzte Orion azken hiru egunetan

Karkara 2021ko ots. 8a, 13:11

Asteburuan detektatutako positiboen ondorioz, intzidentzia tasak gora egin du zertxobait Orion, eta 1.288,32koa da gaur gaurkoz. Aian, aldiz, Osakidetzak ez du kasurik atzeman azken hiru egunotan.

Eusko Jaurlaritzak eguneratu ditu izurritearen gaineko datuak. Horien arabera, Orion 6 kasu detektatu dituzte azken hiru egunetan —hiru ostiralean, bi larunbatean eta bakarra atzo—. Herriak eremu gorrian jarraitzen du, 1.288,32ko tasarekin. Dena den, aurreko asteburuarekin konparatuz gero, jaitsi egin da zertxobait positiboen kopurua, orduan 10 izan zirelako. Aiari dagokionez, Osakidetzak ez du positiborik detektatu hiru egunetan, baina herriak oraindik itxita jarraituko du.

Eskualde mailan,  denera 60 kasu positibo zenbatu dituzte azken hiru egunetako probetan. Kasuen herena baino gehiago Azpeitian zenbatu dute, 23 hain zuzen –11 kasu ostiralean eta seina larunbatean eta atzo–. Hala eta guztiz ere, intzidentzia tasak behera egin du Azpeitian, 1.116,95etik 873,85era.

Nola kasuek hala intzidentzia tasak gora egiten jarraitzen dute Zarautzen ere. Eremu laranjan daude han, eta ostiraletik atzora bitartean egindako probetan hemezortzi kasu positibo atzeman zituzten –bederatzi ostiralean, hiru larunbatean eta sei atzo–. Intzidentzia tasa 329,81ekoa da Zarautzen, eta Oriorekin batera tasak gora egin duen eskualdeko herri bakarra da. Azkoitian, bestalde, guztira bederatzi kasu zenbatu zituzten. Kasu horietatik zazpi ostiraleko probetan hautemandakoak dira, eta bi dira larunbatean. 358,84koa da tasa Azkoitian eta eremu laranjan segitzen du.

Zumaian, bestalde, bi kasu positibo zenbatu dituzte azken hiru egunetan, biak ostiralean egindako PCR eta antigeno probetan hauteman zituzten. Intzidentzia tasak 447,75etik 407,04ra egin du behera han. Getarian eta Zestoan, aldiz, kasu positibo bana zenbatu dituzte asteburuan; bi herrietan ostiraleko probetan baieztatu zituzten positiboak. Getarian 141,34koa da intzidentzia tasa, eta Zestoan 667,69koa. Zestoako tasa altua izanagatik ere, ostalaritza guneak ostiraletik aurrera zabaltzeko eta kirola egiteko baimena eman zuen ostegunean Jaurlaritzak. Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen, aldiz, ez dute kasu berririk zenbatu asteburuan.

Mila positibotik behera

Hego Euskal Herrian, bestalde, 701 kasu positibo zenbatu zituzten atzo, igandea, egindako PCR eta antigeno testetan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 10.687 test egin zituzten, eta 621 kasu positibo atzeman zituzten. 56 positibo zenbatu zituzten Araban, 371 Bizkaian eta 188 Gipuzkoan. Hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren sei laguni ere positiboa zenbatu zioten. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan positibotasun tasa %5,8koa izan zen atzo. Nafarroan, berriz, 1.652 proba egin zituzten, eta 80 kasu positibo baino ez zituzten baieztatu, positibotasun tasa %4,8an kokatuz.

Ospitaleen egoera zein den ere zehaztu du Jaurlaritzako Osasun Sailak. 573 lagun daude Araba, Bizkai edo Gipuzkoako erietxeetan ospitaleratuta; gora egin du kopuruak azken egunetan. Atzo 42 lagun gehiago ospitaleratu zituzten. Gaur-gaurkoz, halaber, 164 pertsona daude Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU). Oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea, bestalde, 0,87koa da hiru lurraldeetan.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide