Mila kasutik gora izan ziren atzo ere Hego Euskal Herrian

Juan Luis Romatet 2021ko ots. 6a, 13:51

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak asteburuetan ez ditu herriz herrikako datuak ematen, beraz, astelehenera arte itxaron beharko da Aiako eta Orioko egoera epidemiologikoa ezagutzeko.

Egun bat hobeago, bestea okerrago, baina izurriteak bere horretan jarraitzen du. Atzo ere mila positibotik gora izan zen Hego Euskal Herrian. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak asteburuetan ez ditu herriz herrikako datuak ematen, beraz, astelehenera arte itxaron beharko da Aiako eta Orioko egoera epidemiologikoa ezagutzeko.

Osakidetzak gaur emandako datuen arabera, 15.291 proba egin zituzte atzo, eta horietatik 947k eman zuten positibo; positibotasun tasa atzo %6,2koa zen. Lurraldeen arabera: 130 positibo izan ziren Araban, 545 Bizkaian, 264 Gipuzkoan eta beste erkidego edo toki batzuetako 8 kasu ere detektatu zituzten.

Ospitaleen egoerari dagokionez, COVIDaren ondorioz 84 pertsona ospitaleratu ziren atzo, eta gaitza duten 163 pertsona daude ZIUn.

Nafarroako Osasunbidek ere eman ditu behin-behineko datuak. Atzo 2.810 proba diagnostiko egin zituzten eta horietatik 172k eman zuten positibo, %6,1ak. Nafarroako Gobernuak ez du ospitaleratuen daturik eman.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide