Hirugarren olatuak bete-betean harrapatu ditu Aia eta Orio

Aiora LarraƱaga -Juan Luis Romatet 2021ko ots. 5a, 13:46

Pasa den asteko datuekin alderatuta, kutsatu kopuruak behera egin badu ere, 1.272koa da Orion hamalau eguneko 100.000 biztanleko positibo metatuen kopuruak. Aian ere, gainditu du milako langa, eta 1.057koa da, gaur gaurkoz.

Gero eta konplexuagoa da Aiako eta Orioko egoera epidemiologikoa. Azken asteetan nabarmen gora egin du kutsatu kopuruak, eta bi herrietan milako langa gainditu du hamalau eguneko 100.000 biztanleko positibo metatuen kopuruak.  Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, atzo, esaterako, bost positibo berri atzeman zituzten Orion eta bi Aian. Horiek kontuan hartuta, guztira, sei kutsatu detektatu dituzte Aian aste honetan eta 26 Orion. Aurreko astean atzemandakoak baino gutxiago badira ere – 15 izan ziren Aian eta 52 Orion–, bi herrietako intzidentzia tasak handiak izaten jarraitzen dute oraindik; atzoko datuen arabera, 1.272koa da Orion, herenegungoa baino 49 puntu altuagoa; Aian, berriz, 1.057koa da. Beraz, bi herriek oraindik ere luze jarraituko dute gorriz margotuta.

 

Udatik atzo arteko datuetan erreparatuz gero, grafikoan ikus daiteke izurritearen hirugarren olatuak gogor kolpatu duela Orion, eta azken astean atzemandako kasuak kontuan izanda, intzidentzia tasaren maldari beherako joera hartzea kostatzen ari zaio, gainera. Pasa den asteburuan, esaterako, bazirudien egoera lasaiago zegoela, larunbatean, igandean eta astelehenean, kasu bana atzeman zituztelako herrian, baina herenegungo zazpi kasuek kezka sortu berriz herritarren artean.

Aian, kutsatu kopurua txikiagoa da, eta ez da gorakada nabarmenik izan azken egunetan, baina intzidentzia tasak handia izaten jarraitzen du.

Eskuladean hogei kasu berri

Hogei positibo detektatu zituzten atzo Urola Kostan, eskualdeko zazpi herritan banatuta. Azpeitian, Orion eta Zarautzen izan ziren atzo kasu gehien, bosna. Guztira, bezperan baino lau kasu gehiago dira, baina asteartean baino hamasei gutxiago.

Azpeitiak eremu gorrian jarraitzen du. Atzo detektatutako bost positiboen ondoren, 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasa 1.116,95ean dago Urola erdiko herrian; bezperakoa baino hiru puntu txikiagoa da. Kilometro gutxira, Azkoitian, egoera oso bestelakoa da. Atzo positibo bakarra izan zuten, eta eremu laranjan jarraitzen du herriak, 367,19ko intzidentzia tasarekin. 

Zumaiak arnas pixka bat hartu du azken bi egunetan. Atzo kasu bakarra izan zuten –bi herenegun–, eta tasa hogei puntuan jaitsi da: 447,75ko kasu metatuen tasa du Zumaiak gaur gaurkoz, eta eremu laranjan jarraitzen du. 

Positiboak izan dituzten beste bi herriak Zarautz eta Zestoa izan dira; bost positibo eta kasu bat izan dituzte, hurrenez hurren. Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Getarian, aldiz, ez dituzte positiborik izan.

Positibo kopuruak behera Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herrian mila kasutik gorako langa pasatuta jarraitzen dugu. Osakidetzak 921 kasuren berri eman du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 15.486 proba egin ziren atzo, eta positibotasun tasa %5,9koa izan zen hiru lurraldetan. Araban 151 positibo izan zituzten, 479 Bizkaian eta 281 Gipuzkoan. Beste lurraldetako hamar lagunek ere positibo eman zuten. Beste 95 lagun ospitaleratu zituzten atzo eta, kezkagarriagoa dena, 162 pertsona daude Osakidetzako erietxeetako ZIUetan, bezperan baino sei gehiago.

Nafarroan, aldiz, 225 positibo atzeman dituzte ostegun honetan, Foru Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera. 3.248 proba diagnostiko egin dituzte –bezperan baino 576 gutxiago–, eta horietatik %6,9 positibo izan dira.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide