2021ean 45+Indartzen programako bi edizio berri eskainiko ditu UKUEk, bata udaberrian eta bestea udazkenean

Karkara 2021ko ots. 4a, 09:55

45 + Indartzen egitasmoaren 3. edizioko parte hartzaileak.

Bukatu berri da 45+Indartzen programaren 3.edizioa, eta orain arteko hiru edizioetan 41 lagunek parte hartu dutela zehaztu du UKUEk.

Urola Kostako Udal Elkarteko Enplegu eta Orientazio Zerbitzuak 45+Indartzen programaren 3.edizioa martxan jarri zuen, eta 45 urtetik gorako eskualdeko 14 herritarrek lan-munduan txertatzeko 40 orduko prestakuntza-programa jaso dute; banakako 3 bakarkako coaching saiorekin osatuta. UKUEk azaldu duenez, egitasmoaren helburua izan da "lan mundura murgiltzeko zailtasunak dituzten 45 urtetik gorako pertsonei aldaketarako indartzea eta hobekuntzarako bidea irekitzea. Beti ere, begirada-aldaketan fokua jarrita (norberarekiko, munduarekiko) lan-ibilbidea indarrez (ber)ekin dezaten".

Orain arteko 3 edizioetan 41 lagunek parte hartu dute 45+Indartzen programan, eta udal elkarteak azaldu du "harrera ona" izan duela ekimenak. Horregatik, beste bi edizio berri antolatuko ditu 2021.urtean zehar: bata udaberrian eta bestea udazkenean. Hala, hurrengo edizioetako izen-ematea zabalik ez badago ere, urtea osoan zehar eskainiko da programari buruzko informazioa. Argibideak edota informazio gehiago eskainiko dituzte UKUEko Enplegu eta Lan-orientazio Zerbitzuan Vanessa Garciak eta Olaia Sainzek; horretarako deitu daiteke 943-89 08 08 telefono zenbakira edo lanpoltsa@urolakosta.eus helbidera idatzi.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide