Orion eta Aian bosna positibo detektatu dituzte asteburuan

Juan Luis Romatet 2021ko urt. 25a, 14:15

750,16ko intzidentzia tasarekin, eremu gorrian jarraitzen du Oriok. Aian,  705,29koa da tasa. Eskualdeari dagokionez, Osakidetzak 114 positibo detektatu ditu asteburuan.

Ez ditu albiste onak ekarri asteburuak; ez, behintzat, izurriteari dagokionez. Orion eta Aian beste bosna kasu izan dira asteburuan: Orion bost kasu baieztatu zituzten ostiralean eta hiru larunbatean, eta Aian hiru positibo atzeman zituzten larunbatean eta bi igandean. Hala, kasu metatuen tasak 700eko langa gainditzen du bi herrietan, 750,16koa baita Orion eta 705,29koa Aian. Orion, beraz, aurreko ostiralekoaren parekoa da intzidentzia tasa, eta piztuta jarraitzen du semaforoko argi gorriak.

Eskualdean, guztira, beste 114 positiboren berri eman du Osakidetzak, eta horietatik 60 herri bakarrean izan dira, Azpeitian. Urolako Kostako bi herritan baino ez dute positiborik izan asteburu honetan.

Gorritik granatera egin du salto Azpeitiak asteburuko datuei esker. Ostiralean hamazazpi kasu izan zituzten, 28 larunbatean eta beste hamabost igandean; 60 kasu guztira. Ondorioz, 100.000 biztanleko hamalau eguneko kasu metatuen tasak gora egin du beste behin ere, mila kasuko langa igarotzeraino. 1.031,54ko intzidentzia tasa zuen atzo Urola Erdiko herriak. 

Kilometro gutxira, Azkoitian, beste hamar kasu izan dituzte asteburuan: lau ostiralean, eta hiruna larunbatean eta igandean. Herriko kasu metatuen tasak ere gora egin du, eta 417,26an dago une honetan. Eremu laranjan dago Azkoitian, baina gorritik hurbil jarri da asteburuko datuen ondoren.

Zestoan hamabi kasu izan dituzte asteburuan (bost ostiralean, hiru larunbatean eta lau igandean), eta tasa milatik hurbil jarri da; 898,82 intzidentzia tasa du Zestoak. Kasu metatuen tasak behera egin duten bi herri Zumaia eta Aizarnazabal dira. Kostaldeko herrian sei kasu izan dituzte asteburuan (lau ostiralean eta bi igandean), eta intzidentzia tasa 661,44ra jaitsi da; Aizarnazabalen, berriz, ez dute kasurik izan, eta tasa 1.430,43ra jaitsi da.

Zarautzen izan dute positiboen hazkundea asteburuan; hamabost kasu detektatu dituzte hiru egun hauetan (zazpi ostiralean, bost larunbatean eta hiru igandean). Hala ere, 235,58ko tasarekin, eremu horian jarraitzen du herriak. Errezilen, berriz, bi kasu izan dituzte, biak ere ostiralean detektatutakoak, eta Getarian bat. Aizarnazabalekin batera, Beizama izan da kasurik gabeko herri bakarra Urola Kostan.

Positibotasun tasa oso goian Hego Euskal Herrian

Eusko Jaurlaritzak pasa den ostiralean hartutako neurri berriak indarrean daude gaurtik. Besperan, igandean, beste 826 positibo zenbatu zituen Osakidetzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egindako 9.483 probatan –%8,7ko positibotasun tasa izan zen atzo–. Araban 151 kasu izan zituzten, 426 Bizkaian eta 243 Gipuzkoan. Beste sei kasu ere izan ziren, hiru lurralde hauetan bizi ez direnenak. 

Ospitaleratutakoei dagokionez, 88 pertsona ingresatu zituzten atzo Osakidetzako erietxeetan. Asteburuan gora egin duena ZIUn ingresatutako lagunen kopurua da: 122 pertsona zeuden atzo zaintzako unitate hauetan.

Nafarroako Osasun Sailak beste 159 positiboren berri eman du gaur. Atzo 1.737 proba diagnostiko egin ziren (bezperan baino 818 gutxiago), eta 159k eman zuten positibo. Lurralde honetan %9,2ko positibotasun tasa izan zuten atzo.

Ohi bezala, Osasunbidek, Nafarroako osasun zerbitzuak, ez du ospitaleratuen daturik eman.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide