2021eko lehen egunean ere egin dira PCR eta antigeno probak Hego Euskal Herrian, 5.426 proba guztira, eta 302 positibo atzeman dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan (%7,3), eta 103, berriz, Nafarroan (%8). Datu horiek esku artean, positibotasun tasak gora egin du azken egunetan, Nafarroan %6,7tik %8ra herenegundik atzora. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ere gorantz doa, %6tik %6,1era egin baitzuen aurrena, gero %6,1etik %6,9ra, eta orain %6,9tik %7,3ra.
Lurraldeen arabera, 80 positibo atzeman zituen Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak atzo Araban, 119 Bizkaian, 95 Gipuzkoan eta beste erkidego batzuetako 8 kasu ere egon ziren. Osasunbideak 103 kasu berri atzeman zituen Nafarroan. Bezperako datuekin alderaketa egitea ez da erraza, proba kopuruan alde handia baitago (9.157 proba egin zituzten herenegun, atzo baino 3.731 gehiago). Astelehenean emango dituzte herriz herrikako datuak.
Ospitaleen egoerari dagokionez, COVID-19aren ondorioz 23 pertsona ospitaleratu ziren atzo Osakidetzaren zentroetan, eta COVID-19a duten 77 pertsona daude ZIU Zainketa Intentsiboko Unitatean.