Euskadiko Harri Handien Txapelketa jokatuko da Aian hilaren 19an

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko abe. 9a, 15:40

Sei harri-jasotzaile aterako dira plazara harri handien txapelketan: Aimar Galarraga, Jokin Eizmendi, Iñigo Eizagirre, Aimar Irigoien, Jon Unanue Goenatxo III.a eta Julen Diaz.

Hitzordu garrantzitsua izango da abenduaren 19an Aian, 2020ko Euskadiko Harri Handien Txapelketa jokatuko baita. Sei harri-jasotzaile aterako dira plazara: Aimar Galarraga, Jokin Eizmendi, Iñigo Eizagirre, Aimar Irigoien, Jon Unanue Goenatxo III.a eta Julen Diaz. Kirolariek hiru minutuko saio bana egin beharko dute harri bakoitzarekin, eta lau harri hartu beharko dituzte mendean: 125 kiloko bola, 150 kiloko kubikoa, 175-200 kilo arteko zilindroa eta 175-200 kilo arteko laukizuzena.

Herri kirol jaialdia zuzenean jarraitzeko aukera izango dute herritarrek, eta 20 eurotan salduko dira sarrerak Aiako Iturriotzena tabernan, Arruti jatetxean eta Haize Berri kafetegian. Dena dela, antolatzaileek jakinarazi dute txapelketa egunean indarrean izango den araudiaren araberakoa izango dela aforoa. Txartelak agortzen ez badira, txapelketa baino bi ordu lehenago salgai jarriko dituzte probalekuko leihatilan.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide