Ainhoa Etxabek Gipuzkoako Herri Kirol Federazioko presidente kargua hartu du

IƱigo Gaiton 2020ko aza. 18a, 15:34

Zuzendaritza aldaketa izan da Gipuzkoako Herri Kirol Federazioan, eta aurrenekoz, emakumezko batek hartu du presidente kargua. Iñaki Oliden, Joseba Ostolatza eta Jose Ignazio Saizar 'Luxarbe' ere zuzendaritzako kide izango dira, Etxaberekin batera. 

Urria bukaeran, Gipuzkoako Herri Kirol Federazioak bozketa egin zuen zuzendaritza berria aukeratzeko. Hala, Ainhoa Etxabe buru den taldea izan zen aukeratua, eta ordutik, hura da federazioko presidente berria.

Orain artean, federazioak ez zuen emakumezkorik izan presidente karguan, eta Etxabek KARKARAri adierazi dionez, "gogotsu" dago lan berriei eusteko: "Hilabete edo bada zuzendaritza berriko kideok lanean hasi ginenetik, eta martxa hartzen ari gara".

Presidentearen esanetan, "herri kirolei bultzada emateko gogoa" du zuzendaritzak, eta horretarako, "komunikazioan lan gehiago egiten" saiatuko dira, kirol tradizionalek gizartean zabalkunde eta babes handiagoa izan dezaten. Horrez gain, azpimarratu du "emakumeen kirola sustatzen" gogor saiatuko direla, herri kiroletan presentzia handiagoa izan dezaten.

Hau da zuzendaritza berriaren egitura: Ainhoa Etxabe (presidentea), Joseba Ostolatza (presidente ordea), Iñaki Oliden (idazkaria), Iñigo Eizagirre, Julen Alberdi, Jon Unanue eta Jose Ignazio Saizar.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide