Espainiako Osasun Ministerioaren Lurralde Arteko Kontseiluaren batzarra izan da gaur, eta Eusko Jaurlaritzak alarma egoeraren dekretua moldatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, “beharrezkoa balitz eta erkidego bakoitzaren egoerak hala aholkatzen duenean” etxeko konfinamendua ezarri ahal izateko. Egun indarrean dagoen dekretuak ez du jasotzen aukera hori. Ministerioak jaurlaritzaren eskaera aztertuko duela esan du, baina arratsaldean egindako agerraldian Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak baztertu egin du neurri hori ezartzeko aukera, eta esan du etxeko konfinamendurik ez dutela aurreikusten, “oraingoz”. Illak jakinarazi duenez, bizpahiru aste itxarongo dute orain arte hartutako neurri murriztaileak COVID-19aren pandemiari aurre egiteko eraginkorrak diren ala ez egiaztatzeko.
Horrez gain, gaur egun indarrean dagoen dekretuarekin, erkidegoek etxeratze agindurako ezarrita dauden ordutegiak moldatzeko eskumenik ba al duten galdetu dio Eusko Jaurlaritzak Pedro Sanchezen gobernuari. Ministerioak erantzun du ez duela uste, baina kontsulta egingo duela.