Kultur ekitaldiei ezarritako mugen aurrean, kulturaren aldeko apustua

Onintza Lete Arrieta 2020ko urr. 29a, 14:38

Kultur ekitaldiak mantentzea erabaki du Orioko Udalak. Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurri berriak betetzeko moldaketak egin, eta aurrera diraute datozen asteetako ekitaldiek. Imanol Urkizu Kultur Etxeko arduradunak eman dizkio azalpenak KARKARAri.

Ordutegia, edukierak, ikusleen jatorria... Lehen baino ere gauza gehiago kontuan hartu beharrean dira kultur programatzaileak astelehen honetan indarrean sartu ziren neurri berriengatik. Udalerri batzuetan bertan behera utzi dituzte ekitaldiak. Orion, "ahal den heinean", mantendu egingo dituzte. Argi dauka hori Imanol Urkizu Kultur Etxeko arduradunak. "Beste herri batzuetan bertan behera utzi dituzte ekitaldi batzuk, ez dakit zergatik, baina guk apustu egin dugu mantentzeko. Goiko agintariek behartzen ez bagaituzte dena ixtera eta gelditzera, kultur eskaintzarekin jarraituko dugu".

Neurri berriak jakin zirenetik makina bat telefono dei eta hizketaldi egin ditu artistekin nahiz udal zinegotzi eta arduradunekin, datozen egunetarako bi ikuskizun zituztelako prestatuta: Errimak bi oinetan dantza ikuskizuna batetik–ostiral honetan–, eta Mikel Urdangarinen musika emanaldia, bestetik –azaroaren 14an–. Biak Karela kiroldegian ematekoak ziren, gauez, 22:00etan hasita. Ordea, astelehenetik, ezin da kalean ibili 23:00etatik 06:00etara, eta horregatik, biharko emanaldia behintzat orduz aurreratzea izan da erabakia. 20:00etan hasiko da Errimak bi oinetan ikuskizuna. "Hartara, ikusleek aukera izango dute 23:00etarako etxean egoteko. Gainera, 20:00etan jarrita, umeekin ere joan daiteke, oso polita delako: bertsoak nahasten dira dantzarekin, eta aproposa da familientzat. Dantza munduan dabilenentzat ere oso-oso egokia da".

Ikuskizuneko partaideek ere ez dute ordu aldaketaren aurrean kexurik agertu. "Planteamendua egin genienean, berehala esan zuten baietz, eta alde horretatik, erraztasunak besterik ez ditugu izan".

Bestetik, udala pentsatzen ari da kanpotik sarrerak erosi zituzten eta etortzerik edukiko ez duten horiei nola itzuli dirua. "Datu batzuk eskatuko zaizkie, baina itzuli egingo dugu dirua". Urkizuk espero du ekitaldi honi bakarrik eragitea, eta hurrengoa iristerako neurriak malguagoak izatea. "Espero dugu inguruko herrietatik etortzeko mugimendua libre uztea, baina ikusi egin behar". Oraingoz Kultur Etxean behintzat ez dute ia deirik jaso herritarren partetik, ez zalantzak galdetzeko, ez diru itzulketak eskatzeko. "Gainera, gehienbat bertakoak dira sarrerak erosi dituztenak". Bost euroan daude salgai, Kultur Etxean bertan. 

Edukiera edo aforoa erdira mugatu beharrak galera eragingo du ekonomikoki ere –orain arte %60ean zegoen edukiera muga jarrita–, baina Urkizuk argi du: "Kultura inbertsioa da, ez gastua. Zeren, bai, diruaz hitz egiten hasten bagara, artistentzat irabazi bat da, baina antolatzaileentzat galera, ekitaldien %90ean ez duzulako dirua berreskuratzen. Jendeak galeratzat jotzen du; nire ustez, inbertsioa da, aberastasuna da, herriari eskaintzen diozuna. Edukiera mugatuta, sarrerekin lortzen dugun dirua gutxiago izango da, baina besterik ez".  

Neurriek dirauten bitartean bereziki, herri bakoitzeko bizilagunek edukiko dute kultura sustatzeko giltzetako bat.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide