Itsas denboraleak olatuen ikuskizuna ekarri dute kostaldeko herrietara, baina eskualdea, eta, oro har, mundu osoa beste denborale baten erdian dago; koronabirusak eragindako ekaitzean, hain zuzen ere. Beste 60 kasu zenbatu zituen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Urola Kostan gaur eguerdian plazaratutako datuen arabera. Bezperan baino zortzi kasu gutxiago dira, baina datuak kezkagarriak dira oraindik ere.
Olatuaren aparrean jarraitzen du Zumaiak, azken bi asteotan bezala. Beste hamasei kasu atzeman ditu Osasun Sailak herri honetan, eta 100.000 biztanleko azken 14 egunetako kasu positibo metatuen tasa 1.882,95era igo da. Argi gorri guztiek piztuta jarraitzen dute Zumaian.
Asteazken iluntzean amaitu zuen Osakidetzak herrian egindako baheketa selektiboa. 13 eta 40 urte arteko 2.645 lagun deitu zituzten probak egitera. Osasun zerbitzuak ez du oraindik baheketa horren daturik eman, baina pentsatzekoa da zenbatutako hamasei horien artean Aitzurin detektatutakoak egongo direla. Zumaiako Udalak eskutan dituen datuen arabera, herenegun arte egindako 1.066 probatan zortzi positibo atzeman zituzten; egindako proben %0,75.
Azkoitiak zenbaki kezkagarriak eman ditu beste behin ere. Beste hamabost kasu izan ziren atzo Urola erdiko herrian, eta intzidentzia tasa 1.242,81ekoa da. Azpeitian, berriz, beherakada nabarmena izan da, Osasun Sailak emandako datuen arabera: herenegun 24 kasu izan zituzten, eta atzo zortzi. Positibo metatuen tasak oso goian jarraitzen du, hala ere: 1.653,94koa du Azpeitiak gaur egun. Gorriz margotuta jarraitzen dute Azkoitiak eta Azpeitiak.
Beizaman eta Aizarnazabalen izan ezik, eskualdeko beste herri guztietan zenbatu zituzten atzo kasu positiboak. Zarautzen laranja kolorea piztu dute azken egunotan izandako positiboen gorakadaren ondoren. Atzo beste bederatzi kasu izan ziren. Orion bost kasu izan ziren atzo, Getarian lau, eta Aian, Errezilen eta Zestoan bana.
Hego Euskal Herriko datuak
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuak zertxobait jaitsi dira bezperakoekin alderatuta. 1.138 positibo detektatu dituzte hiru lurraldetan asteazkenean (1.154 ziren bezperan) egindako PCR eta antigenoen 17.159 probatan. Positibo tasa %6,8 da. Gipuzkoan izan dira beste behin ere kasu gehien, 564 kasurekin (intzidentzia tasa 847,45 da); Bizkaian 524 kasu izan ziren atzo, eta Araban 125 kasu. Hiru lurraldetako intzidentzia tasa 607,03 da.
Ospitaleratuen kopuruari dagokionez, 386 lagun daude plantan ospitaleratuta. Bezperan baino hemeretzi gutxiago, nahiz eta beste 57 lagun ospitaleratu zituzten atzo. ZIUn daudenen kopuruak gora egin du eta atzoko datuen arabera 79 lagun zeuden ZIUn, bezperan baino lau gehiago.
Nafarroari dagokionez, Foru gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera, atzo 4.284 detekzio proba egin zituzten, PCR eta antigenoen testen artean. Kasu positiboak 552 izan ziren, hau da, positibo tasa %12,9koa da.