Euskaraldia 2020

Euskaraldiaren aurkezpen ekitaldia zuzenean emango du KARKARAk gaur arratsaldean

Karkara 2020ko ira. 24a, 08:45

Bergaran egingo dute "ekitaldi xumea" egitasmoa aurkezteko 19:00etan, eta besteak beste, abestia eta bideoklipa aurkeztuko ditu Euskaltzaleen Topaguneak. Atari honetatik jarraituko ahalko da ekitaldia, streaming bidez.

Bigarren Euskaraldia gaur arratsaldean aurkeztuko du Euskaltzaleen Topaguneak Bergaran, "ekitaldi xume" batekin. Aurtengo abestia eta bideoklipa aurkeztuko dituzte besteak beste, eta saioa streaming bidez emango du KARKARAk. 19:00etan hasiko da aurkezpena.

Aurtengo Euskaraldia azaroaren 20tik abenduaren 4ra ospatuko da, eta norbanakoek gaurtik aurrera eman ahalko dute izena ahobizi edo belarriprest gisara parte hartzeko. Iazkoarekin alderatuta, aurtengoak badu berrikuntza bat. Izan ere, aurten enpresek eta erakundeek ere hartuko dute parte, eta horretarako barne mailako ariguneak identifikatu eta saretu beharko dituzte. Asko dira jada izena eman dutenak, baina  epea zabalik dago oraindik animatu ez direnentzat. Igande honetan, irailak 27, amaituko da izena emateko aukera horientzat.

Informazio gehiago Euskaraldiaren webgunean aurki daiteke, eta bertan dago izena emateko txokoa ere.

Orioko hamalaukoa, prest

Orion etxeko lanak ederki egin ditu Euskaraldiko batzordeak, eta uda sasoian aurkeztu zuten aurtengo hamalaukoa herrian. Ehun denda, ostalaritza zerbitzu eta negozio txiki inguru daude Orion, eta aldiz, enpresa handi gutxi. Horregatik, merkatari eta ostalari sektorearekin egin dute lan batez ere, horiek  Euskaraldian parte hartzera animatuz eta ariguneak identifikatzen lagunduz. Hain zuzen, lan horren emaitza ere agerian gelditu da hamalauko horren osaketan.

KARKARAk banan-banan aurkeztu ditu iraileko zenbakian.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide