Eskualdean ere “pentsio publiko eta duinen” aldeko mobilizazioak berrartu ditu pentsiodunen mugimenduak. Hurrengo astelehenerako, irailak 28, hitzordu garrantzitsua jarri dute Zumaian: manifestazio bateratua egingo dute Urola Kostako pentsiodunek, 12:00etan Eusebio Gurrutxaga plazatik hasita.
Mugimenduko kideek azaldu dutenez, bost aldarri nagusi aterako dituzte kalera: “1.080 euroko gutxieneko pentsioa”, “1.200 euroko gutxieneko soldata”, “urteroko KPIaren igoeraren araberako pentsio publiko eta duinak”, “2010etik 2013ra bitartean indarrean jarri zituzten lan-baldintzen eta pentsioen lege murriztaileen indargabetzea”, eta “soldaten eta pentsioen genero arrakala ezabatzea”.
Larrialdia
Adineko pertsonen egoitzetan bizi den egoera izan dute hizpide pentsiodunek. “COVID-19a dela eta pertsona nagusien egoitzetan gertatzen ari dena lazgarria” dela diote; izan ere, salatu dute “bertako langileen lan-baldintza kaxkarrek” are gehiago egin dutela txarrera, eta “instituzio publikoek” ez dituztela “beharrezkoak diren baliabideak ipintzen”. Dena den, egoitzez harago, orokorrean mintzatu dira adineko pertsonen “zaintza lanei” buruz: “Gero eta ugariagoak dira beraien etxean bakarrik bizi diren eta laguntza behar duten adineko pertsonak”. Lan horiek beren gain hartzen dituzten langileen egoera ere atera dute mahaira: “Askotan zaintzaileak emakume atzerritarrak dira, lan-baldintza egokirik gabe, eta soldata murritzak eta lan-ordu luzeak dituzte”. Hala, gobernuei galdegin diete “pertsonek bizitza justu eta duinak izateko eskubideak bermatu” ditzaten.