Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak argitaratu berri ditu azken egunetan egindako PCR proben emaitzak, eta azken hiru egunetan ez da positibo berririk atzeman ez Aian, ez Orion. Ostegunean kasu bana agertu zen gure herrietan, eta aurreko bi egunetan lau kasu gehiago ere egon ziren Orion. Hortaz, datu positiboa da gaur Osasun Saiak jakinarazitakoa.
Urola Kostan, berriz, beste behin kostako herrietan egon dira kasu positiboak asteburuan. COVID-19 gaitzean positibo eman duten herritarretatik zazpi zarauztarrak izan dira, eta bi, berriz, getariarrak. Gainerako herrietan ez da positiborik atzeman ostiraletik igandera.
Lurraldeei dagokienez, Bizkaian dago datu kezkagarriena, han 227 lagunek eman dutelako positibo PCR probetan. Gipuzkoan 117 kasu izan dira hiru egunetan, eta Araban, berriz, 36.
Hain zuzen, Nekane Murga Osasun sailburuak gaur 16:30erako iragarri du agerraldia, gaitzaren hedapena saihesteko Eusko Jaurlaritzak neurri gehiago hartuko baititu.