UKUEren Garapen Agentziak ohiko jarduerari ekingo dio bihartik aurrera

Karkara 2020ko eka. 7a, 17:00

Open Lab guneko 3D eta laser makinen zerbitzua ere martxan jarriko dute, eta Garbigune zerbitzuan ez da hitzordurik hartu beharko aurrerantzean.

Bihar arinaldiko hirugarren fasean sartuko da Hego Euskal Herria, eta horrekin batera, Urola Kostako Udal Elkarteko Garapen Agentziak eta Ingurumen alorreko hainbat zerbitzuk ohiko jarduerari helduko diote: hala nola, Open Lab guneak edota Garbigune zerbitzuak.

Garapen Agentziak aurrez aurreko arreta zerbitzua jarriko du martxan, baina ezinbestekoa izango da aurretik hitzordua hartzea, 943-89 08 08 telefonora deituta eta harrera@urolakosta.eus helbidera idatzita, betiere segurtasuna bermatzeko. Era berean, derrigorrezkoa izango da maskara erabiltzea eta sarreran eskuak desinfektatzea. Jendeak sarreran itxaron beharko du, ilaran eta bi metroko distantziarekin, udal elkarteko langile batek txanda eman arte.

Arreta telematikoa (telefono, posta elektronikoa, bideo deia) lehenetsiko da eta aurrez aurreko zerbitzua soilik ezinbesteko kasuetarako eskatzen die UKUEk erabiltzaileei.

Bestalde, 3D eta laser makinen zerbitzua eskaintzen hasiko da Open Lab gunea, eta horretarako ere aurretik hartu beharko da hitzordua. Kasu honetan, Openlab eremuko sarreran itxarongo da, udal elkarteko langileak esan arte. Pertsona bakarra sartuko da eta UKUEko langileak soilik erabiliko ditu Open Lab-eko makina eta tresnak. Gune honetan ere maskara erabili behar da derrigorrez, eskuak desinfektatu bejar dira sarreran eta bi metroko distantzia mantendu behar da.

Garbigune zerbitzuan hitzordurik gabe

Garbigune zerbitzuan ez da hitzordurik hartu beharko bihartik aurrera. Edonola ere, ondorengo neurriak jarraituko beharko dituzte erabiltzaileek: sarreran itxaron beharko dute langileak sarrera baimendu arte, maskara erabili beharko dute, sarreran eskuak desinfektatu beharko dituzte eta bi metroko distantzia mantendu. Bidez batez, bolumen handiko hondakinak biltzeko ordutegiak errespetatzea gogorarazi du UKUEk.

Bitartean, bio-hondakinen eta errefusaren edukiontziak zabalik daude segurtasun-arrazoiengatik, eta UKUEko hondakin bilketa zerbitzua gainontzeko edukiontzien bilketa maiztasunak doitzen ari da egoera berrira. Edonola ere, herritarrei eskatu diete, edukiontzia beteta badago edota edukiontzirik ez badago inguruan, hondakinak lurrean ez uzteko. Udal Elkarteak dio aurreko asteburuan nabarmen areagotu zela hondakina edukiontzi guneetatik kanpo hondartza inguruetan, auto-karabanen aparkalekuetan eta landa-eremuko guneetan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide