Terrazak dituzten ostalariei neurriak zorrotz betetzeko deia egin die Udalak

Karkara 2020ko eka. 3a, 10:00

COVID-19ak sortutako egoera dela-eta, terrazak jartzeko arauak malgutu egin zituen Orioko Udalak, ostalariei erraztasunak emateko. Atzo oharra eman zuten argitara, terraza daukaten ostalariei ezarritako neurriak zorrotz bete ditzaten eskatzeko.

Udalak jakitera eman duenez, deskonfinamendua bukatu arte aplikatuko dira arau malgu horiek, baina gogorarazi nahi dute ostalariek zorrotz bete behar dituztela neurri hauek:

  • Guztiz debekatuta dago terrazarekin oztopatzea garajeetako edo beste establezimenduetako sarrera-irteerak.
  • Oinezkoen pasabidea erabat libre utzi behar da (gutxienez, 2 metroko zabalera utzita).
  • Derrigor bete behar dira ostalaritzako ordutegiak, udal-ordenantzak adierazten duen bezala.
  • Segurtasun- eta higiene-neurriak zorrotz bete behar dira: mahaien desinfekzioa, pertsonen arteko segurtasun-distantzia, zerbitzarien autobabeserako materiala…
  • Egunaren bukaeran terrazek jasota gelditu behar dute.

Deskonfinamenduaren faseak bukatzen direnean, gaur egungo terrazen azterketa egingo du Udalak eta ez du onartuko neurriz gaineko terrazarik edo udal-ordenantza betetzen ez duen terrazarik.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide