Erosketak zentzuz egiteko gomendioak

Karkara 2020ko mar. 31a, 14:30

Etxeko janariaz jabetu, kontsumituko ez dena bota, produktuak era ordenatuan gorde, eta ahalik eta otordu gehien antolatzea da gakoa.

COVID-19a dela eta, hainbat herritarrek geihegizko erosketak egin dituzte supermerkatuetan. Erosketa horiek zentzuz eta lasaiago egiteko, Sara Etxebeste KonMari aholkulariak mahai gainera ekarri du Marie Kondo antolatzaile japoniarraren erosketa metodoa: KonMari.

Metodo horren arabera, erosketa zentzudunak egiteko, etxeko janaria antolatu behar da aurrena. Lehen urratsa, hozkailu eta armairuetako elikagai guztiak atera eta zerrendatzea da. Hala, etxeko janari guztiaz jabetu eta ikuspegi orokor bat izango dugu. Ondoren, aukeraketa bat egitea komeni da, eta iraungitako zein kontsumituko ez diren produktuak bota behar dira. Behin hori eginda, armairu eta hozkailura itzuli behar dira elikagaiak, baina orden jakin batean. Antzeko produktuak elkarrekin kokatzea proposatzen du KonMari metodoak: zerealak alde batetik, kontserbak beste apal batean, edari guztiak batera edo hazi eta espezieak gune jakin batean kokatuz, adibidez. Antzekotasunaren edo kategoriaren arabera antolatzea, alegia.

Sukaldeko garbitasunak sukaldatzeko gogoa eta irudimena indartzen dituela uste du Etxebestek: “Espazioa txukun baduzu, sukaldean aritzeko gogo handiagoa izango duzu. Are gehiago, pertsona guztiok dugun sortzeko gaitasuna pizten duela esango nuke”. Azken gomendioa etxean dagoen guztiaren zerrenda aztertu, eta otordu ahalik eta gehien antolatzea da. “Ziur nago etxean dugun guztia aprobetxatzeko milaka aldaera bururatuko zaizkigula guztioi”. 

Aholkuak jarraitu ondoren, erosketak egiteko beharra badago,  zerrenda zehatza egitea gomendatzen da, gehiegikeriak ekiditeko eta gainontzeko herritarrekiko errespetua bermatzeko. “Azken finean, lasai egotea, zentzuz jokatzea eta norberaren zein ingurukoen beharrak errespetatzea da kontua”, burutu du azalpena aholkulariak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide