Errefusaren eta organikoaren edukiontziak irekita jartzea erabaki du UKUEk

Karkara 2020ko mar. 17a, 20:28

Etxeko hondakin handien bilketa zerbitzua bertan behera geratuko da bihartik hasita, eta garbiguneko zerbitzua langile profesionalei eta udal zerbitzuei bakarrik emango zaie.

Koronabirusaren hedapena saiheste aldera, eta herritarren osasuna eta segurtasuna zaintzeko, Urola Kostako Udal Elkarteak hainbat neurri hartu ditu hondakinen bilketa zerbitzuan. Hori dela eta, errefusaren eta hondakin organikoen edukiontziak (gris eta marroi kolorekoak) irekita mantenduko ditu; hau da, derrigor eskuz ireki beharreko edukiontzi guztiak kenduko ditu. Era berean, ondorengo edukiontzi guneak kenduko ditu, abisu berria jaso arte: Menditxo (Getaria), Aitzperro (Orio), Lusarbe (Orio), Arritokieta (Zumaia) eta Jadarre (Zumaia). Herritarrei eskatzen zaie beraien etxebizitzetatik gertuen dituzten beste edukiontzi guneak erabiltzea.

Bihartik aurrera (martxoak 18), era berean, eta bestelako abisurik jaso arte, bertan behera geratuko da etxeko hondakin handien bilketa zerbitzua. UKUEk dei egiten die herritarrei hondakin handiak kalera atera ez ditzaten.

Bien bitartean, eskualdeko hiru garbiguneak zabalik jarraituko dute, baina bihartik aurrera langile profesionalei eta udal zerbitzuei bakarrik emango zaie zerbitzua. Horrenbestez, zerbitzua beharrezkoa den kasuetan baino ez erabiltzeko eskatzen zaie herritarrei. Argi utzi dute debekatuta dagoela garbigune kanpoaldeetan edozein motatako hondakinak uztea.

Azkenik, COVID-19arekin gaixotutako herritarrak edota haren zaintzaileek erabilitako eskularruak, musuzapiak, maskarak eta halakoak poltsa itxietan bilduta ateratzeko eskatu du UKUEk. Poltsa horiek errefusara bota behar dira: erabat debekatuta dago frakzioak bereizita biltzeko edukiontzietan (organikoa, ontziak, papera, beira, arropa eta ehunkiak) edota inguruetan uztea.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide