Koronabirusa ez hedatzeko neurrietako bat da pertsona asko biltzen dituzten ekitaldiak saihestea, eta horregatik, asteburuan jokatzekoak ziren kirol jarduera eta lehiaketa guztiak bertan behera uztea erabaki du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Orio Arraunketa Elkarteak jakinarazi duenez, bertan behera geratu dira Gipuzkoako ligako estropadak; baita, asteburuan jokatzekoa zen Astilleroko Igoera ere. Horrez gain, egunean zehar koronabirusaren inguruan sortu den kezka ikusita, Arraunetxea ixtea erabaki dute. "Gaur arratsaldean bilduko gara herriko eragileok gaia jorratzeko eta aurrerantzean nola lan egin behar dugun erabakitzeko. Hurrengo asteetarako funtzionamendua zehaztu bitartean, Arraunetxea itxita izango da", azaldu du Josu Esnaola Orio Arraunketa Elkarteko presidenteak.
Gipuzkoako Futbol Federazioak ere bere eskumeneko txapelketa guztiak hamabost egunez etetea erabaki duela jakinarazi du, "Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Espainiako Futbol Federazioaren kontuan hartuta", eta Orioko Futbol Taldeko arduradunek baieztatu dute bertan behera geratu direla asteburu honetarako aurreikusita zituzten partidak.