Hazilan proiektuari buruzko informazio saioa izango da asteartean

Karkara 2019ko abe. 16a, 10:36

Asteartean, 10:00etan izango da Hazilan proiektuaren informazio bilera, udal elkartearen egoitzan.

Hazilan proiektuaren 9. edizioaren harira, Urola Kostako Udal Elkarteak informazio-saioa antolatu du astearterako. 10:00etan izango da udal elkartearen egoitzan, eta bertan azalduko dituzte egitasmoari buruzko xehetasun guztiak.

UKUEtik azaldu duenez, Hazilan programa lana lortzera bideratuta dago, eta goi-mailako ikasketak dituzten 20-44 urte bitarteko herritarrei zuzentzen zaie. Programaren 9. edizioa urtarrilean abiatuko dute, eta hiru atal nagusi izango ditu: lehendabizi Aktibatu fasea, ondoren Prestatu (prestakuntza osagarria) eta, azkenik, Kokatu fasea (praktikaldia enpresetan). 

Izen-ematea zabalik abenduaren 20a arte
Izena emateko orria eskura dago Udal Elkartearen egoitza elektronikoan. Dena dela, tramitazioa elektronikoa egin ezin dutenek, egoitza elektronikoan dokumentua deskargatu, bete eta Udal Elkarteko egoitzara bertaratu beharko dute.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide