Haizeteak lehen kalteak sortu ditu inguruko errepideetan

Karkara 2019ko abe. 13a, 11:30

Orion, edukiontziak babesteko egitura bota du haizeak herriko puntu batean. Gaurko alerta laranja ezarri dute kostaldean.

Alerta laranja dago emanda gaurko kostaldean, olatu handiengatik eta haizeteengatik. Goizeko 05:00etan izan da lehen itsasgora, eta kalte esanguratsurik eragin ez badu ere, kostako herrietako udaltzainek hainbat neurri hartu dituzte.

Getaria eta Zumaia arteko N-634 errepidea itxita egon da 08:15 aldera arte, eta oraingoz, zabalik dago berriz. Dena den, ertzaintzak ohartarazi du zuhaitzen erorketei eta luiziei adi egongo direla, horiek gertatzeko arriskua baitago.

Orion haizeak bota du edukiontziak babesteko egitura herriko puntu batean, baina ez da aparteko kalterik egon udaltzainen arabera.

Zarautzen, Getariarako bidean zuhaitz bat erori da errepidera. Horrek trafikoa apur bat galarazi badu ere, erretiratzen ari dira eta ez du aparteko arazorik sortu. Bestalde, udaltzainek adierazi dute goizaldean malekoia itxi dutela olatuek estali egiten zutelako, eta litekeena dela arratsaldean neurri bera hartzea. Izan ere, 17:12an igoko da gora marea arratsaldean, eta olaturik zakarrenak une horretarako daude iragarrita; zazpi metroak gaindi ditzakete.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide