Igandean Zarautzen Gipuzkoako Ikastolen Kilometroak jaia egingo dute. Hiru gune izango ditu ibilbideak, Ikastola, Malekoia eta Mollarri, eta adin eta gustu guztietarako ekitaldiz osatu dute egitaraua.
Ohi bezala, garraio publikoa erabiltzea gomendatu dute Kilometroen antolatzaileek. Tren zerbitzuari dagokionez, horiek 15 minutuero egongo dira, bai Donostia-Bilbo noranzkoan, bai Bilbo-Donostia noranzkoan. Zentzu horretan, ohar garrantzitsua eman dute: Donostiatik datozen trenak, hau da, Oriotik pasatzen direnak, San Pelaioko geltokian bakarrik geldituko dira, eta berriz Donostiarantz joango dira.
Lurraldebusi dagokienez, ohiko autobus zerbitzuak izango dira igandean. Hau da, ez dute linearik indartuko Gipuzkoako ikastolen festaren harira. Hala jakinarazi dio Urola Kostako Hitzari erakunde horretako komunikazio zerbitzuak.
Ibilgailuentzat aparkalekuak
Aparkalekuei dagokienez, herrian hainbat gune egongo dira erabilgarri igandean. Autobus berezientzat, esaterako, Asti futbol zelaioko aparkalekua aukeratu dute. Ibilgailu pribatuei dagokienez, Oriotik nahiz autobidetik iristen diren autoak, berriz, Eroskiko aparkalekura eta inguruko industrialdera. Aparkaleku horiek betetzen badira, Salberdingo aparkalekura bideratuko dituzte autoak. Azkenik, aparkaleku hori ere betez gero, Abendañon aparkatu beharko dute ibilgailuek.