Ireki dute uztaileko irristaketa ikastaroetarako izen-ematea

Karkara 2019ko eka. 7a, 16:30

(ZKE irristaketa)

Orioko frontoian izango dira irristaketa ikastaroak, eta patinatzeko teknikak landuko dituzte. Haurrek zein helduek izango dute parte hartzeko aukera.

Zarautz Kirol Elkarteko irristaketa sailaren eskutik, aurten ere irristaketa ikastaroak eskainiko dituzte Orion, uztailean. Orioko frontoian izango dira saioak, eta patinatzeko teknikak landuko dituzte bertaratzen direnek, "segurtasunez eta modu eraginkorrean". 6-12 urte bitarteko haurrek eta helduek izango dute parte hartzeko aukera.

Antolatzaileek azaldu dutenez, 8 edota 16 orduko ikastaroak prestatu dituzte. 8 ordukoa egin nahi dutenek, bi aukera izango dituzte:

  • Astearte eta ostegunetan, 18:00etatik 19:00etara.
  • Larunbatetan, 10:00etatik 12:00etara.

16 orduko ikastaro osoa egin nahi duten parte hartzaileen kasuan, astean hiru hitzordu izango dituzte; astearteetan, ostegunetan eta larunbatetan, hain zuzen. Ordutegi berdina mantenduko dute; 18:00etatik 19:00etara astearteetan eta ostegunetan, eta 10:00etatik 12:00etara larunbatetan.

Prezioari dagokionez, 60 euro ordaindu beharko dituzte 8 orduko ikastaroan arituko direnek, eta 100 euro ikastaro osoa aukeratzen dutenek.

Izen-ematea ireki dute dagoeneko, ondorengo estekan

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide