LAB sindikatuak apirilaren 18an salatu zuenez, herrialde mailako hitzarmenik gabe jarraitzen dute Gipuzkoako adinekoen egoitzetako 5.000 langilek. Lan gatazka hasi zenetik, 50 lanuzte egunetik gora izan dituzte egoitzetako beharginek. ELAk pasa den ostiralean, apirilak 26, adierazi zuen Gipuzkoako Foru Aldundia dela "erantzule nagusia"; izan ere, "arrazoi politikoak tarteko", langileen ordezkariek patronalarekin adostutako akordioa ez finantzatzeko hautua hartu du.
LABek ere gaitzetsi zuen aldundiaren jarrera: "Ahoa betetzen zaio, helduen egoitzetako zerbitzuaren inguruan hitz egitean, baina ezinbesteko zutabea diren langileak baztertzeko erabakia hartu du". Aldundiak negoziazio prozesuan "joko zikina" bultzatzen duela gehitu zuen sindikatuak, eta "negoziazio mahaiari balioa kentzea, mahaia blokeatzea, eta sektorean mesfidantza sortzea" lortu duela ere salatu zuen.
Greba deialdiak datozen egunetarako
LAB eta ELA sindikatuek datozen egunetarako greba deialdi berriak egin dituzte Gipuzkoako adinekoen egoitzetan. ELAk ostiralean, apirilak 26, egin zuen lanuzterako deialdia, eta maiatzaren 10era arte luzatuko du. "Langileen haserrea gero eta handiagoa da", nabarmendu zuen Txomin Lasa bozeramaileak. LABek, aldiz, sei egunetarako deitu du greba: gaurko, apirilak 29; biharko, apirilak 30; maiatzaren 2rako, 3rako, 4rako eta 5erako.
Bihar zenbait mobilizazio izango dituzte beharginek. 09:30etatik aurrera, auto karabana egingo dute Urola Kostatik, Orioko kanpinetik hasita.