Apirilaren 4an abiatu zen 21. Korrika Garestik (Nafarroa), eta igande honetan, apirilak 14, bukatuko da Gasteizen (Araba). Bihar, ostirala, igaroko da Oriotik; 13:45ean iritsiko da herriko plazara, Zarauztik. Oriotarrek Xuai gainean hartuko diete lekukoa zarauztarrei, eta Aginagaraino eramango dute. Guztira, 10 kilometroko ibilbidea egingo dute oriotarrek.
Herriko hainbat eragilek eta taldek parte hartuko dute ibilbidean, eta lekukoa eramango dute herrian barrena. Hona hemen bakoitzari egokitu zaion kilometroa:
- 2024, Xuai gainean hasita. Orain Orio plataforma
- 2025, harrobia. Orio Arraunketa Elkartea
- 2026, Xuai-Aitzondo. Talai Mendi elkartea eta Orioko AEK
- 2027, tren geltokia. Txurrumuski aisialdi taldea eta Ametsa gaztelekua
- 2028A, herriko plaza. Harribil dantza taldea eta KARKARA
- 2028B, Bikamiota. Herrio natur taldea eta EH Bildu
- 2029, herriko plaza. Etxeluze Gaztetxea eta Saltxerak emakume taldea
- 2030, Etxeluze Gaztetxea. EAJ eta Toki Alai elkartea
- 2031, Ortzaika. Zaragueta Herri Eskola
- 2032, Botaleku. Orioko Herri Ikastola
- 2033, Saikola. Orioko Herri Ikastola
Korrika Txikia, bertso saioa eta afaria
21. Korrika Oriora iritsi aurretik, Korrika Txikia egingo dute gazteenek. 11:00etan emango diote hasiera Bikamion, eta herriko kaleetan barrena arituko dira Zaraguetako Heri Eskolako eta Orioko Herri Ikastolako ikasleak. 12:00etan amaituko dute ibilbidea herriko plazan.
Bestalde, 19:00etan hasita, Orioko eta Azkoitiko bertsolarien arteko saioa izango da Gabon tabernako tunelean. Hala, ñaki Gurrutxaga (Orio), Egoitz Eizagirre (Orio), Unai Izagirre (Azkoitia) eta Eneritz Artetxe (Azkoitia) bertsolariak ariko dira kantuan.
Egunari amaiera emateko, "afaria eta bertso zaharrak" antolatu dituzte Gure Etxea elkartean. 21:00etan jarri dute hitzordua, eta entsalada, gisatua, gazta eta intxarrak jateko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Afarirako sarrerak salgai daude oraindik, Orioko Kultur Etxean edo Kolon Txiki tabernan, 15 euroan.