2019ko udal hauteskundeak

EAJk Urola Kostako alkategaiak bildu ditu asteburuan Zarautzen

Karkara 2019ko mar. 18a, 15:00

EAJko hautagaiak Zarauzko hondartzan. (EAJ)

Bertan izan ziren Aiako eta Orioko EAJko alkategaiak, Nekane Arrizabalaga eta Lourdes Salsamendi

Atzo Gipuzkoako diputatu nagusirako EAJren hautagai Markel Olano, Gipuzkoako Kongresurako hautagai Joseba Agirretxea eta Senaturako hautagai den Maribel Vaquero, Urola Kostako EAJren alkategaiekin bildu ziren Zarautzen, eta klima aldaketari aurre egiteko bide orria azaldu zuten. Bertan izan ziren besteak beste, Aiako alkategai Nekane Arrizabalaga eta Orioko alkategai Lourdes Salsamendi. 

Iñurritzako Biotopoa bisitatu zuten hautagaiek, eta “aldaketa klimatikoaren aurrean posizio sendo eta finko bat izateko beharra" aldarrikatu zuen EAJk. “Madrildik ez dira gai izan aldaketa klimatikoaren aurkako lege bat martxan jartzeko, ez PPren gobernua, ez PSOErena ere. Hitza eman bai, baina azkenean ez dira gai izan ez bata, ez bestea”, adierazi zuen Joseba Agirretxeak.

“Une honetan beharrezkoa da jarrera irmo bat izatea, eta batez ere, guk dauzkagun eskumenak jorratzea eta gai izatea lege horren aurrean guk gure borroka egiteko, erakunde desberdinen arteko elkarlanaren bidez”, gehitu zuen Agirretxeak.

Neurri zehatzak
Olanok agerraldian esandakoaren arabera, EAJ taldeak Madrilen hartu duen papera “garrantzitsua” izan da, “Mugil elektromugikortasun zentrorako diru-laguntza bermatzeko”. Izan ere, 5,5 milioi euroko laguntza emango diote zentroari. “Guretzat funtsezkoa da estrategia oso horretan buru bat izatea. Hor dugu Naturklima fundazioa, herri bezala eta lurralde bezala egin behar dugun ibilbidea finkatzeko”. Dena den, “lurralde industriala izanik”, “beharrezkoa da industriaren eraldaketara, eta batez ere, elektromugikortasunerako estrategia bat izatea”. Olanok adierazi zuenez, funtzio hori beteko du Gipuzkoan Mubilek: “Gure industriaren eraldaketari heltzen dio zentroak, Europa mailan elektromugikortasunean erreferentzia izan gaitezen”.

Beraz, Naturklima eta Mubil izango dira aldaketa klimatikoa lantzeko “bi hankak”, azaldu zuen Olanok. “Ezinbestekoa da hurrengo belaunaldiei mundu hobea uztea eta aldaketa klimatikoaren aurrean aktibatzea”, gehitu zuen.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide