Urola Kostako Udal Elkarteak Hazilan proiektuaren zazpigarren deialdia egin du. Orain arte, 94 lagunek parte hartu dute proiektuan eta hainbat gaitasun sozioprofesional landu ondoren, laneratzeko prozesuak egin dituzte 39 enpresetan (praktikak, prestakuntza lanpostuan...).
Berrikuntzekin dator 7. edizioa
Udal elkartetik jakinarazi dutenez, bi dira 7.edizioko berrikuntza azpimarragarrienak. Alde batetik, prestakuntza eskaintza indartu dute, eta bestetik, parte hartzaileek enpresetan praktikaldia egiteko aukera izango dute.
Hazilan proiektuak enpresen beharrak identifikatu ditu, horren araberako prestakuntza diseinatzeko. Hala, 7. edizio honetarako, formakuntza sendotu egin dute, eta lehen fasearen baitan, partaideek “Enplegurako prestakuntza profesionalean laneko orientabidea eta kalitatearen sustapena” modulua egingo dute. Trebakuntza hori, Enplegurako lanbide-prestakuntzaren irakaskuntza (SSCE0110) profesionaltasun ziurtagiriaren baitako prestakuntza-modulua da.
Aldi berean, enpresetan praktiketan hasi aurretik, lan munduan murgiltzeko ezinbestekoa bihurtu den esparru bati buruzko 25 orduko prestakuntza osagarria jasoko dute gazteek. Teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak baliatuz, sarean norberaren marketina behar bezala egiteko gakoak ezagutuko dituzte, hain zuzen ere.
Informazio saioa
Hazilan programa goi mailako ikasketak dituzten gazteei bideratuta dago, eta proiektuaren inguruko xehetasun guztiak azaltzeko bilera informatiboa antolatu du Urola Kostako Udal Elkarteak otsailaren 13rako. 10:00etan hasiko da saioa.
Hazilan programaren xehetasunak
Programak, hiru atal nagusi izango ditu:
- AKTIBATU fasea (80 ordu): prestakuntza. Zeharkako konpetentziak landuko dituzte parte hartzaileei bizipen-prestakuntza pertsonalizatua eta integrala eskainiz. Otsailaren 25etik apirilaren 16ra egingo dute, astelehenetik ostegunera 9:30etik 13:30era.
- PRESTATU fasea (25 ordu): Nire marketina sareetan du izenburutzat, eta bertan teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak baliatuz, sarean norberaren marketina egiteko gakoak ezagutuko dituzte partaideek.
- KOKATU fasea (200 ordu): praktikak enpresetan. Maiatzetik uztailera egingo dituzte praktikak, astelehenetik ostiralera, gehienez ere sei orduko lanaldian.