Gaurko, asteartea, abisu horia ezarri du Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak, haizeagatik, olatu handiengatik, itsasaldeko arriskuagatik eta elurragatik. Muturreko Fenomenoen Iragarpenaren barruan kokatu dituzte atzoko eta gaurko eguna.
Haizeari dagokionez, mendebaldeko eta ipar-mendebaldeko haize boladek haizeguneetan 100km/h-ko abiadura gainditu dezaketela iragarri dute; haizeguneak ez diren tokietan, aldiz, 80 km/h ingurukoak izan daitezke. Hau guztia 15:00etatik 00:00etara izan daiteke, Euskalmeten arabera.
Bestalde, arratsaldean, olatuek 3,5 metro baino gehiago neurtu dezakete. "Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 3 metro inguruko olatuak altxatuko ditu", azaldu dute. Bestalde, mendebal-osagaiko haizea ibiliko dela ere iragarri dute, 5-6ko indarrarekin, eta itsaski handia edo itsaso zakarra eragingo ditu. Meteorologia Agentziak nabigazioa aurreikusi du lehenengo bi milietan, 15:00etatik 18:00etara.
Gau gogorra
Gauean abisu horiak jarraituko du, itsasaldeko arriskuagatik. Kostaldean kalteak izan daitezkeela azaldu dute, 18:00etatik 00:00etara. Olatuek 5,6 metroko altuera izan dezakete, eta "gainezka egiteko indizeak atalase-mailaren azpitik egongo diren arren, olatuen ezaugarriak direla eta, itsas pasealeku eta malekoietan zipriztin eta olatu-zaparrak eror daitezke, bereziki itsasgoraren unean", gehitu dute.
Abisu horiaz gain, alerta laranja ere ezarri dute gauerako, itsasaldeko arriskua dela eta. 18:00etatik 24:00etara nabigazioa iragarri dute lehenengo bi milietan. 5,6 metroko altuera izan dezaketen olatuak izateaz gain, mendebal-osagaiko haizea ibiliko dela azaldu du Euskalmetek, 6-7ko indarrarekin. Itsaso zakarra edo oso zakarra egingo duela aurreikusi dute.