Hondakin organikoaren edukiontziak ikuskatuko ditu udal elkarteak

Karkara 2018ko urr. 30a, 15:28

Urola Kostako Udal Elkartetik jakinarazi dute, azkenaldian edukiontzi marroietan organikoa ez den hondakin ugari aurkitu dutela: ontzi arinak eta errefusa, besteak beste.

Hondakinen bilketa datuen inguruko balorazioa egin du gaur Urola Kostako Udal Elkarteak, eta arreta berezia jarri dute hondakin organikoaren bilketan. Izan ere, jakinarazi dute, udan hondakin kopurua %20 hazi den arren, mantendu egin dela ondo sailkatuta jaso den hondakin kopurua, %70era iritsiz. 

2017ko datuekin alderatuta, biohondakinen bilketa %120 hazi da bailaran, baina oraindik zer hobetua badagoela uste dute. Udal elkarteko lehendakari Igor Iturainek nabarmendu du hondakin organikoaren kalitatea ez dela "nahi bezain ona, hondakin organikoen edukiontzietan organikoa ez den material ugari agertu baita azkenaldian". Horregatik, azaroan eta abenduan Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako hondakin organikoen edukiontziak ikuskatzeko kanpaina jarriko du martxan udal elkarteak.

Hiru akats nagusi
Hondakinak biltzeko sistema berria martxan jarri zutenetik erabiltzaileek "jarrera ona" erakutsi dutela azaldu dute aurkezpenean, baina "arduraz eta ingurumenarekiko begirunez jokatzeko" deia ere egin dute. Izan ere, hondakin organikoen bilketari dagokionean batez ere, Urola Kostako Udal Elkarteak hiru akats nagusi identifikatu ditu.

Alde batetik, irailean eta urrian egindako karakterizazio azterketetan ikusi dute, biohondakinen edukiontzira plastikozko poltsak, ontzi arinak eta errefusa ere botatzen dituztela zenbaitek.

Bestetik, ohartu dira konpostagarriak ez diren poltsen erabilera ugaritu egin dela.

Horrez gain, nabarmendu dute poltsa ugari agertzen direla edukiontziaren ondoan lurrean utzita. "Oraindik ere edukiontzien eremuetan plastikozko poltsa beltz handiak uzten dituzte zenbait sortzaile handik lurrean botata, edo edukiontziaren barruan", azaldu du udal elkarteko lehendakariak.

Ildo horretan, Iturainek argitu du, herritarren gehiengoak hondakinak gaika ondo bereizten baditu ere, gutxi batzuk edukiontzi marroira organikoak ez diren hondakinak botatzen badituzte, "gainontzekoek egindako ahalegina alferrikakoa dela. Horregatik, norbaitek ez badu hondakin organikoa ondo bildu nahi, hobe du errefusaren edukiontzia erabiltzea", adierazi du Igor Iturainek.

Hezitzaileak kalean
Hondakin organikoaren bilketan behin eta berriz gertatzen diren akatsei irtenbidea emateko, ikuskapen lana indartuko du udal elkarteak, eta Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaian hondakin organikoaren erabilera ikuskatzeko kanpaina egingo dute azaroaren 5etik abenduaren 21era. Horren barruan hainbat neurri hartuko dituzte.

Batetik, etxe atarietan idatzi bat jarriko dute, ikuskatze lanak egingo dituztela azalduz. Bestetik, txandaka biohondakinen edukiontzietako ikuskapen-lanak egingo dituzte. Zarautzen hasiko dira, eta bost egunetan zehar Alde Zaharreko edukiontzi marroietara botatzen dena aztertuko dute hezitzaileek. Zumaian beste bost egun pasako dituzte, hiru Orion, bi Aian eta beste hiru Getarian. Herri bakoitzeko ikusketa lanen azken egunean edukiontzi marroietan pegatina bat jarriko dute hezitzaieek, edukiontzi horien erabilera zuzena den ala ez zehaztuz. Horrez gain, kanpaina egin eta hilabetera, bigarren ikuskaketa lanak egingo dituzte eremu berean, egoera hobetu ote den jakiteko.

Udal elkartetik ohartarazi dute, ikuskapen egunetan erabiltzaileek botatzen dutena aztertzeaz gain, hezitzaileek gomendioak emango dizkietela herritarrei, eta behar izanez gero, ohartarazpenak ere egingo diztuztela.

Sortzaile handiak
Urola Kostako Udal Elkarteak hornitzaile handien bilketa ere ikuskatuko du, eta merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu arloko 20 erabiltzaileri dagoeneko ohartarazpenak egin dizkie. Horrez gain, azaroan eta abenduan sortzaile bereziei bisitak egingo dizkiete hezitzaileek hondakinen bilketaz hitz egiteko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide