KARKARAK, 30 URTE

“Laguntzaileen sarea sendotzea beharrezkoa ikusten dugu Karkara proiektuak aurrera jarrai dezan”

Karkara 2018ko urr. 26a, 13:58

KARKARAren 30.urteurrena dela eta, erreportaje bat argitaratu berri du lurraldeko egunkari batek. Laguntzaile sarea handitzearen beharra azpimarratzen da bertan. Aldi berean, KARKARAren sorrera azaldu ez ezik, gaur egun Aiako eta Orioko komunikabideak dituen erronkak aztertzen ditu Ainara Lasa aldizkariaren kudeatzaileak.

Herritar talde baten iniziatibak bultzatuta, 1989ko ekainean Orion Karkara taldea kultur elkartea jaio zen. Garai hartan euskaldunek ez zuten euskaraz irakurri edota informazioa biltzeko euskarririk eta behar horri erantzuteko, ikasturte honetan 30 urte beteko dituen taldea jaio zen. Euskararen normalizaziorako aldizkari bat argitaratzen hasi ziren eta ordutik asko aldatu da, bai itxuraz eta baita egitura aldetik ere.

Aurrera pausoak eman dituena ordea ez da soilik aldizkaria bera izan, taldea bere osotasunean baizik, izan ere hedabide soil izatetik herriko eragile garrantzitsu izatera pasa baitira. Baina funtsean, 89an jaio zeneko arima bera mantentzen jarraitzen dute.



Gaur egun hiru kazetari eta diseinatzaile bat dira eguneroko lanak aurrera eramaten dituztenak eta kazetarien artean, kudeatzailea Ainara Lasa zarauztarra da. “Gaur egun helburu anitzak ditugu, izan ere, profesionaltasunera saltoa eman dugu eta hori horrela, herritarrei mailako erantzunak eman behar dizkiegu”.

Horregatik hilero Orio eta baita Aiako informazioarekin 40 orriko aldizkari bat argitaratzeaz gain, herritarrengan kultura sustatzeko asmoarekin dihardute gogor lanean. “Eskerrak eman behar dizkiogu, batez ere, erredakziotik at dugun
zuzendari taldeari, izan ere, guztiak boluntarioak baitira”, dio Lasak.

Haren hitzetan, “beraiek hartzen dituzte erabaki garrantzitsu guztiak eta laguntza altruista horri esker da posible Karkara bezalako proiektu bat aurrera eramatea”.

Datorren urteko ekainean beteko ditu 30 urte hedabideak, eta hori ospatzeko ikasturte osoan zehar ekintza parte hartzaileak antolatzeko ideia dute. Lasak herritarren laguntzaren “garrantzia” azpimarratu nahi izan du, “haiekin
dugun hartu-emana baita motor nagusia”, eta azaltzen du gaur egun 300 laguntzaile dituztela. “Sare hori ordea nahiko arindu da eta proiektu honekin jarraitu ahal izateko ezinbestekoa dugu komunitate hori sendotzea”, jarraitzen du kudeatzaileak eta gaineratzen du “ziur” dagoela herritarren erantzuna jasotzeaz.

Gaur egun kazetaritzak izan duen eraldaketak berehalakotasuna eta kalitatea eskatzen du eta herritarrei hori eskaintzea da gure helburua”, azpimarratzen du Lasak.


Urteurreneko programa
Zarauztarraren hitzetan, hainbat ekimen dituzte buruan 30. urtebetetzea herritarren parte-hartzearekin ospatzeko.

Esaterako, ixtear dute azaroan Idoia Etxeberria harrijasotzailearekin erakustaldi bat. “Lesio bat tarteko erretiratu egin behar izan du eta omenaldi modura egin nahi dugu Orion”, dio Lasak eta azpimarratzen du antolatuko duten guztia “beti zerbait aktiboa izango dela herriarentzat”.

Etorkizunari begira, Lasa pozik dago “erronka ugari” dituztelako eta horrek profesionaltasunera eman duten saltoan “lagundu” egiten duelako. “Esaterako, Aiari presentzia gehiago ematea erronka benetan pizgarria da”, komentatzen du.
Beste 30 urte biziraun ahal izateko, ordea, Lasak argi du zein den gakoa: “Alde batetik jendearen interesa beharko genuke baina batez ere, laguntzaileen sarea sendotzea”. Erakundeen parte-hartzeari ere dei egiten die, izan ere, Lasaren hitzetan, Karkara Taldeak eskaintzen duen zerbitzua dagoeneko ez da “soilik informatiboa, herrigintzan ere parte aktiboa gara”, dio eta amaitzen du, “erredakzioko ateak herritar guztiei irekita daude beti, haiekin erlazioa areagotuz lortuko dugu beste 30 urte bizirautea”.

 

TESTUA ETA ARGAZKIAK: NAGORE ODRIOZOLA / NOTICIAS DE GIPUZKOA

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide