KARKARAK, 30 URTE

Oteiza Museora irteera antolatu du KARKARAk urriaren 20rako, Oteiza Astearen baitan

Karkara 2018ko urr. 11a, 12:06

Oteiza Astea aurkeztu dute gaur Karkarako arduradunek eta Orioko Udaleko ordezkariek.

Irteeran parte hartu nahi dutenek datorren asteartea baino lehen eman behar dute izena. Horretarako, 943-83-15-27 edo 688857305 telefono zenbakietara hots egin, edo karkara@karkara.com helbidera idatzi daiteke.

KARKARAk 30 urte beteko ditu 2019ko ekainean, eta urteurrena ospatzeko ikasturtean zehar hainbat egitasmo antolatuko dituzte.  Urrian esaterako, Jorge Oteiza jaio zela 110 urte beteko direla aprobetxatuz, kultu elkarteak Oteiza Astea antolatu du, Orioko Udalarekin elkarlanean.

Urriaren 15etik 21era bitartean egingo da Oteiza Astea, eta hainbat kultur jarduerek osatuko dute egitaraua. Alde batetik, asteartean Oskar Alegria kazetari eta zinemagileak, eta Bernardo Atxaga idazleak Oteizaren inguruko solasaldia eskainiko dute Arraunetxean, Oteizarekin batetik bestera izenburupean.

Bestetik, urriaren 20rako, larunbatarekin, KARKARAk Altzuzako Oteiza Museora irteera antolatu du. Parte hartzaileak 10:00etan irtengo dira Orioko autobus geltokitik, eta 11:15ean bisita gidatua egingo dute Oteiza Museoan barrena. Eguerdi partean, Iruñera joango dira, eta Iruñeko Aldapa elkartean bazkalduko dute denek elkarrekin; azkenik, 18:00etan irtengo dira Nafarroako hiriburutik Oriora bueltatzeko.

Irteeran parte hartu nahi dutenek datorren asteartea baino lehen eman behar dute izena, 943-83-15-27 edo 688857305 telefono zenbakietara hots eginda, edo karkara@karkara.com helbidera idatzita. Karkarako laguntzaileek 35 euro ordaindu beharko dute irteeran parte hartzeagatik, eta laguntzaile ez direnek 45 euro. Horrez gain, prezio bereziak ere zehaztu dituzte. Batetik, 65 urtetik gorakoei eta adin txikikoei 41 euro kostako zaie irteera, eta ikasleei eta 65 urte azpiko erretiratuei 43 euro. KARKARAko kideek herritarrak irteeran parte hartzera animatu dituzte, "Orion jaio eta nazioarte mailan ezaguna den artista ezagutzeko aukera aproposa" izango dela uste baitute.

Horrez gain, Oteiza Astea borobiltzeko, urriaren 21ean Esku Harriak: Oteizaren (h)aria dantza-bertso-musika ikuskizuna izango da plazan, Orioko Udalak antolatuta. 

30 urte 31 eskutik
1989ko San Pedro Jaietan herritar talde batek sortu zen KARKARA, aldizkariaren bidez euskararen normalizazioan laguntzeko asmoz. Izan ere, nabarmendu dute garai hartan euskaldun askok ez zuela euskaraz irakurtzeko ohiturarik, eta joera hori hautsi nahi izan zuten KARKARA aldizkariarekin.

Aldizkariak webguneari ireki zion bidea, eta proiektua indartuz joan da urtez urte. Ildo horretan, Rikardo Uzkudun elkarteko presidenteak aurkezpenean azaldu du, "gaur egun KARKARAk informazio zerbitzu profesionala" eskaintzen duela. "Orioko eta Aiako informazioa ematen du, kalitatezkoa, azkar eta txukun". Dena dela, kultur elkarteak hobetzen jarraitzeko asmoa duela ere adierazi du, eta aurrera begirako hainbat proiektu eta erronkak dituela zehaztu. "Gaur egungo komunikazio beharretara egokitu behar dugu, digitalizazioak dakarren testuinguru berrira moldatuz. Apustu sendoa eskatzen duten erronkak dira, eta gu aurrera egiteko prest gaude". Hala ere, uste dute horretarako KARKARAren komunitatea sendotu behar dutela. "Aurten, 30. urteurrenean, gure erronka KARKARAren presentzia handitzea eta herritarrengana gerturatzea da. Hausnarketa horretatik abiatuta, ikasturtean zehar hainbat kultur ekimen antolatuko ditugu, eta guretzat plazer handi bat da ikasturte berria Oteiza Astearekin abiatzea".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide