Larunbatean, 17:00etan abiatu ziren 400 korrikalari Zarauzko malekoitik, 21 kilometro egiteko prest. Getariarantz hartu zuten kostako errepidea, eta Zumaiaraino jarraitu zuten. Han herri barruan buelta egin, eta berriro Getariatik Zarautzera egin zuten. Lege Zaharren enparantzan amaitu zuten maratoi erdia.
Iaz bigarren egin izanaren arantza atera zuen larunbatean Abdelhadi El Mouaziz korrikalariak, II. Euskal Kosta Krosa irabazita, 01:02:45 denborarekin. Pasa den urteko lasterketan, Zumaian El Hassan Oubaddi nagusitu zen, eta bigarren egin zuen El Mouazizek. Larunbatean, tokiak trukatu zituzten. Hirugarren Chakib Lachgar helmugaratu zen.
Emakumezkoetan, iazko irabazlea gailendu zen: Aroa Merino (01:12:50). Aise nagusitu zitzaion Aicha Bani bigarrenari, eta Maite Arraiza, berriz, hirugarrena izan zen.